Debagoieneko emakumeek elkarretaratzea egin zuten atzo Elorregin, martxoaren 8rako motorrak berotuz
Oinez, bizikletaz, kotxez nahiz autobusez hurbildu ziren eskualdeko emakumeek bat egin zuten Elorregiko bidegurutzean, bigarren urtez jarraian. Biribilgunea inguratuz, errepidearen barruko erraila hartu eta kalejira koloretsua osatu zuten. Amantalak soinean, pankarta eta ikurrin moreak eskutan, borroka feminista aldarrikatu zuten eta martxoaren 8ko plantorako deia zabaldu zuten. San Prudentzioko errotonda 15 bat minutuz hartu zuten. Ondoren, martxoaren 8ra begirako deialdi mezua irakurri zen.
Bizitza erdigunean jartzen dutela aldarrikatu zuten eskualdeko emakumeek, beste mundu bat eraiki nahi dutelako. Bizitza, zaintza, ekonomia eta harremanak beste modu batera ulertu eta antolatuko dituen jendarte berria eraikitzera datozela adierazi zuten, prekarietate eta indarkeriarik gabeko gizartea. Eta martxoaren 8an planto eginez, ezinbestekoak direla erakutsi nahi dute. Mundua mugitu dadin emakumeak geldituko egingo direla ozen aldarrikatu zen.
Gizonei hausnarketa eta gogoetarako tartea hartu dezaten ere eskatu zitzaien atzo Elorregin. Emakumeek esparru publiko eta pribatuan jasaten duten diskriminazioaz hausnarketa egin dezaten eskatu zitzaien eta dituzten genero pribilegioei uko egiteko moduez gogoeta egiteko gonbidapena ere luzatu zitzaien gizonezkoei.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!