Debagoienako XIII. Trikitixa Eguneko irudia sortzeko lehiaketa antolatu da
Edozein oñatiarrek parte hartu dezake, adin mugarik gabe, logotipo lehiaketa honetan. Trikitixa Eguna irudikatzeko dela kontutan hartuta, soinu eta panderoarekin zerikusia izan beharko du, baita herriarekin ere. Lanak gainera, kamisetetan inprimatzeko modukoa izan beharko du.
Datorren urteko Trikitixa Eguneko irudia sortzeko lehiaketa deialdia egin dute jada Lizargarate Trikitizaleen Elkarteak eta Jose de Azpiazu musika eskolak baina lanak aurkezteko epea ez da zabaldu oraindik. Lanak, azaroaren 28tik abenduaren 12ra bitartean musika eskolako idazkaritzan utzi ahal izango dira. Logotipoak, egilearen sinadurarik gabe aurkeztu beharko dira. Lanen atzealdean, asmatutako ezizena idatziko da eta lanekin batera emango den kartazal itxi batetan, egilearen datu pertsonalak eta harremanetarako telefono zenbakia sartuko dira. Kartazalaren kanpoaldean, lanean jarri den ezizena idatziko da. Irabazlearen izena, abenduaren 22an jakinaraziko da. Irabazleak, 100 euroko erosketa txartela jasoko du Txanda Elkarteko dendetan gastatu ahal izateko. Saritutako lana musika eskola eta Lizargarate Trikitizaleen Elkartearen esku geratuko da nahi den lekuan zabaldu eta erabili ahal izateko.
Debagoienako XIII. Trikitixa Eguna Oñatin ospatuko da datorren urtean baina ez da izango eskualdeko musika ikasleek gurean beteko duten hitzordu bakarra; urtarrilean piano ikasleen emanaldia izango da eta maiatza inguruan berriz, eskualdeko musika eskolen kontzertu berezia.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!