Oñatiko udala

Debagoienako udalak industrialdeen fusioen aurka agertu dira berriro.

2012/09/12
Interes ezkutuak dituen operazioa dela salatu dute eta gizartearentzat ondorio larriak ekarriko dituena.

  Debagoieneko Industrialdea elkarteko kide diren bost udalek, Arrasate, Oñati, Bergara, Eskoriatza eta Aretxabaletak ez dute onartzen, Eusko Jaurlaritzak Sprilurren bitartez martxan jarri duen industriguneen fusio programa. Bategite honek Debagoienako industri garapena "nabarmen kaltetuko" duela esan zuten atzo eskualdeko hautetsiek prentsaurrekoan.

  Debagoieneko udalek martxoan jakin zuten fusio hau egiteko asmoa zegoela baina  industrialdeetan duen nagusitzaz baliatuta prozesua abian jarri duen Sprilurrek ez diela argibiderik eman. Horretxegatik, ezkutuko interesak badirela salatu zuten.

  Operazio hau gastuen aurrezpena "aitzakia hartuta" aurkeztu dutela diote eskualdeko arduradun politikoek. Baina Debagoieneko Industrialdearen kasuan justifikazio hori ez ei da betetzen langile gutxi dagoelako eta kudeaketa Debabeheko Industrialdea sozietatearekin partekatzen duelako. Biek gerente bakarra baitute.
Fusio honek, hori bai, udalek industrialdean duten parte hartzea mugatuko luke. Egun, Debagoieneko 5 udalek, kapitalaren kasik  ehuneko 25a batzen dute. Debabeheko industrialdearekin fusionatu ondoren, partaidetza ehuneko 11 eta erdira jaitsiko da. Udalen ordezkaritza ere bi partaide izatetik bakarrera mugatuko litzateke.
Udalak dira herritarrengandik eta herriak dituen beharretatik hurbilen dauden erakundeak. Beren partaidetza mugatuta, industrialdeak herriko errealitatetik urruntzen direla esan zuten atzo Debagoienako industrialdearen parte diren 5 udaletako ordezkariek.

  Debagoiena eta Debabeheko industrialdeen arteko fusioaren antzera Gipuzkoan dauden beste industrialdeen arteko bategitea ere gauzatuko dela salatu zuten, inolako kontsentsu saiakerarik gabe eta Sprik duen gehiengoaz baliatuta. Gipuzkoako Foru aldundia eta kide diren udal asko fusio hauen aurka agertu dira.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!