Oñatiko udala

Datozen egunotan izendatuko da udal brigada eta herri lanen arduradun berria

2016/11/30
Card image cap
Hautagai bakarra aurkeztu zen eta eskatutako maila erakutsi du

  Brigada eta herri lanen arduradun lanpostua behin behineko izaeraz bete da azken bi urteetan baina uztailean jada, behin betikoz betetzeko helburuz, deialdia kaleratu zuen Udalak. Hori bai, deialdi mugatua, udalean lan kontratu finkodun langileei zuzenduta soilik. Hautagai bakarra aurkeztu zen eta oinarrietan zegoena beteaz, antzinatasuna, duen graduaren balioespena eta ikasketa titulu nahiz prestakuntza ikastaroak baloratu zaizkio. Egindako lanaren balioespena ere egin da. Emaitzak argitaratu berri dira eta udaletxeko iragarki taulan nahiz web orrian ikus daitezke. Halakoetan ohikoa denez gainera, erreklamazioetarako epea zabaldu da abenduaren 4ra arte.

  Eskatutako maila erakutsita, ez usteko handirik gertatzen ez bada, orain arte behin behineko izaeraz brigada arduradun lanak bete dituen Andoni Beristain Eizagirre izendatuko dute behin betikoz udal lan talde honen arduradun. 

  Brigada eta herri lanen arduradunak, izenak ondo adierazten duen bezala, brigadako taldearen lana antolatu eta programatzen du. Gainera, udalerrian egiten diren obren exekuzio egokia ikuskatzen du eta behar denean, gremioak kontratatzeaz arduratzen da. Udaleko zerbitzuetako buruekin koordinatzen da bilerak egin eta elkarlana gauzatzeko eta beharrezkoak diren materialak erosi edo horiek lortzeko proposamenak egiten ditu.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!