Datorren urteko udal zerga eta tasak aztergai izango dira gaurko Osoko Bilkuran.

2013/10/31
Card image cap
Ordenantza fiskalak zehazteko irizpide nagusia, %1,74 igotzea izan da baina badira arau nagusi horretatik at geratuko diren tasa eta zergak.

  Zehazki ez ditugu ezagutzen udal ordenantza fiskalek datorren urtean izango duten aldaketa. Irizpide nagusia, esan bezala, ehuneko 1.74a igotzea zen, kontsumo prezioen indizeak iazko abuztutik aurtengora izan duen  maila berean igotzea alegia, baina beti izaten dira arau nagusi horretatik kanpo geratzen diren tasak. Jakin badakigu adibidez, ludoteka zerbitzuko prezioak merkatu egingo direla eta kiroldegian berriz, zerbitzu guztiak ez direla maila berean garestituko. Urtero gertatzen den zerbait da. Udalak bereziki babestu edo sustatu nahi dituen jarduerei dagozkien tasak gutxiago garestitzen baitutu eta beste kasu batzuetan berriz, gastuak eta sarrerak parekatu beharraren ondorioz, edota tarifak berdintzeko beharrak hala eraginda, igoera handiagoa izaten baita.

  Une honetan ez dakigu ezta ere, udal taldearen proposamenak jeltzaleen babesa jasoko ote duen. Berez, Bilduk nahikoa ordezkaritza badu proposamena aurrera ateratzeko baina jeltzaleek zer jarrera hartuko duten arratsaldeko Osoko Bilkuran bertan jakingo dugu.

  Ez da hori izango dena den, arratsaldeko batzarrean aztertuko den gai bakarra, baina bai garrantzitsuena, azken finean herritar guztioi eragingo baitigu. Herritar guztioi eragingo digun bezala FCCrekin udalak duen kontratuaren aldaketa. Asteartean aurreratu genizuenez, kale eta auzo garbiketa zerbitzuan hainbat hobekuntza izango dira. Makineria berria erosiko da eta bitarteko gehiago jarriko dira. Horrek, FCCrekin aurretik zegoen kontratua gaurkotzea ekarri du eta aldaketa nagusi horien berri ere emango da arratsaldeko Osoko Bilkuran.

  Eta aldaketak aipatuta, kontratueten hizkuntza baldintzak txertatzeko udalbatzaren akordioa indargabetzea eta gaia alkate instrukzio bat eginez bideratzea proposatuko da Diputaziotik jasotako gomendioa jarraituz.

  14 puntuko gai zerrendan, EH BILDUren bi mozio proposamen ere jaso dira: epaiketa politiko gehiagorik ez! dioena bata eta ikurriñaren aldekoa bestea.

  Urriko Osoko Bilkura, arratsaldeko 7 eta erdietan hasiko da eta zuzenean eskainiko da Oñati irratian (Frekuentzia: FM 107.4).

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!