Datorren aste hasieran itzuliko da 2020ko Kirol txartelen abonu zatia
Covid-19aren ondorioz Zubikoa kiroldegia eta Eltziako kirol instalazioak itxi egin zituen udalak martxoaren 14tik ekainaren 22ra, bertan eskaintzen ziren zerbitzu guztiak bertan behera utziz. Urte osorako bazkide txartela duten herritarrek ondorioz, ezin izan dituzte udal kirol instalazioak erabili hiru hilabetetan. Alarma egoera indarrean sartu zenean jada iragarri zen bazkide txartelaren ordainketa zati bat itzuliko zela eta orain, kalkulua eginda, % 25-26 inguru itzuliko da. Datorren aste hasieran itzuliko da 2020ko kirol txartelaren abonu zatia. Hori jakinaraziz gutunak prestatu ditu Kirol departamentuak eta datozen egunotan iritsiko zaizkie bazkide titular diren 1400 herritarrei.
Aurten, bi kirol bazkidetza mota egin dira Oñatin: herriko instalazioak erabiltzeko aukera ematen duena eta bailarako beste herrietako instalazioetara sartzeko bidea ematen duen Mugiment txartela. Alarma egoera indarrean egon den epeari dagokion ordainketaren zati proportzionala itzuliko zaie bazkide guztiei, urteko abonuaren laurdena, gutxi gora behera.
Dena den, eta une honetan airean dagoen Mugiment txartelarekin zer gertatuko den ikusteke dago oraindik. Bazkideei helarazi zaien gutunean adierazten denez, Mugiment kirol txartelaren zerbitzua berriro hastea ezinezkoa balitz, abenduan, abonuen kuoten zati proportzionala itzuliko da. Berdin egingo da, herriko kirol instalazioak aldi baterako berriro itxi beharko balira.
Oñatiko kirol zerbitzuek 2.537 bazkide dituzte une honetan, eta horietatik 500 pasak Mugiment txartela ere badauka.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!