"Cowork gunea" erabiltzeko izen-ematea zabaldu du udalak
Ekintzaile, autonomo, profesional eta mikroenpresei zuzendutako gunea da Olakuako dorreko lehen solairuan prestatzen ari direna. Lanerako eta lankidetzarako espazio partekatu bat eskaintzea da helburua; sinergiak sortu, elkarrekin ikasi, harremanak sustatu eta proiektuak eta ezagutzak partekatzeko.
Guztira sei plaza egokituko dira eta erabiltzaileek ordutegi partekatua edo osoa aukeratu ahal izango dute. Erabiltzaileek hautatutako ordutegiaren arabera beraz, cowork guneak 6-12 pertsona hartzeko tokia izango du. Azpiegiturei dagokienez, erabiltzaile bakoitzak bere mahaia, aulkia eta gauza pertsonalak gordetzeko armairua izango ditu eta horrezaz gain, bertako ekipamendua, zerbitzuak eta espazio komunak erabiltzeko aukera ere izango du, hau da, sare konexioa, bilera gela, topaketa gunea eta abar. Instalazio eta zerbitzu hauen truke hilean 20 eta 80 euro arteko tarifa ordaindu beharko da, erabiltzailearen jarduera ekonomikoa eta aukeratutako ordutegiaren arabera.
Cowork gunea azaroan irekiko da baina dagoeneko zabalik dago bertan aritzeko izen-emate epea. Informazio gehiago eskatzeko, edo izena emateko udaleko sozioekonomia departamentura jo behar da: 943 003198 telefonora deituz edo mezua enplegu@onati.eus helbide elektronikora bidaliz.
Olakuako cowork gunea herriko ekintzaile eta enpresa txikiei udalak eskaintzen dizkien zerbitzu eta laguntzak osatzera dator. Orain arte enpresak sortzeko informazio eta aholkularitza zerbitzua, enpresa berriak sustatzeko laguntzak, pertsona langabetuak kontratatzeko laguntzak eta Olaburu enpresa ekimenetarako zentroan industria eta zerbitzu moduluen behin behineko lagapena egin du udalak. Aurrerantzean, lankidetzarako espazio partekatua ere eskainiko du cowork gunean.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!