Oñatiko udala

Covid protokolorik gabe hasiko da ikasturte berria herriko ikastetxeetan

2022/09/02
Card image cap
Ikasleak asteazkenean itzuliko dira Txantxiku ikastolara eta Elkar Hezira eta ostegunean ikastetxe publikoetara

  Covidari aurre egiteko neurri berezirik gabe hasiko da 2022-2023 ikasturtea eta hala azpimarratu digute herriko ikastetxe guztietan, gogoratuaz, hala ere, autobusean musukoa jarri beharko dutela 6 urtetik gorako haurrek, garraio publikoan egiten duten bezala.

  Txantxiku ikastolako eta Elkar Heziko HH eta LH ikasleak asteazkenean, hilaren 7an itzuliko dira gelara. Bigarren hezkuntzako ikasleak ere aurkezpena izango dute egun horretan baina, eskolan, ostegunean hasiko dira. Osteguna lehen eskola eguna izango da Urgain-Errekaldeko neska-mutikoentzat eta aurkezpen eguna Oñati institutukoentzat, bai Zuazolako DBH eta batxilergokoentzat eta baita Larrañako erdi mailako zikloetako ikasleentzat. Aurten berrikuntza den Oinarrizko Lanbide Heziketa zikloan arituko direnen aurkezpena berriz, hilaren 7an egingo da Larraña institutuan. Bigarren hezkuntzako ikasleak hasieratik beteko dute eskola-jardun osoa baina txikienak, goizez bakarrik joango dira eta beranduago hasiko dira goiz eta arratsaldez. Ikastetxearen arabera izango da: ikastolakoak, hilaren 12an; Elkar Hezikoak, 26an eta Errekaldekoak, urriaren 5ean.

  Azken hilabeteotan berritze lanak egin dira herriko hiru ikastetxeetan. Guztiak aurreikusitako martxan joan dira eta azken xehetasunak falta dira bakarrik. Ikastolako bigarren hezkuntzakoek erabilgarri izango dituzte plaza ondoko instalazio berrituak. Elkar Heziko Behebarrua ere prest dago eta altzariz janztea soilik falta da. Urgain-Errekalden jangela eta sukaldea eraberritzen ari dira eta jangela erabilgarri egongo da datorren astetik aurrera, nahiz eta bazkaria kanpotik ekarri beharko den. Gabonen bueltan jada bertan prestatuko da eguneroko menua. Aurreko kurtso amaieran eskola atarian jarri zen bizikletentzako aparkaleku estalia ere erabilgarri dago.

  Covid neurriak bertan behera utzi dira eta ondorioz, ikasleen sarrera-irteera ordutegi bateratua berreskuratuko dute ikastetxeek. Ondorioz, baita ere, Elkar Heziko Arantzazuko Ama eraikin aurrealdeko errepidea ez da trafikorako itxiko ikasleen sarrera-irteera garaian. Dena den, jarri ziren hesiak mantentzea erabaki da, beharrezkoa balitz erabili ahal izateko.

  Baina hastear dagoen 22-23 ikasturteak bestelako nobedade batzuk ekarriko ditu: Hezkuntza lege berria edota curriculum berriak zenbait ikaslerentzat.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!