Oñatiko udala

Covid-aren intzidentzia gaina hartuta beherantz datorrela dirudi

2022/01/11
Card image cap
San Martin egoitzan 17 kasu aktibo daude baina bi egoiliar sendatu dira

  Osakidetzak atzo jakinarazi zituen datuek gurean joera aldaketa gertatzen ari denaren zantzuak erakusten dizkigu, nahiz eta tentuz ibili behar den halakoak baieztatzeko. Baina Covid positiboen intzidentzia jaisten hasi da, pasa den asteazkenean orain arteko maila gorenera iritsi eta gero. Urtarrilaren 5ean 100.000 biztanleko intzidentzia 10.184 izan zen Oñatin, igandera arteko datuak gogoan hartuta berriz, intzidentzia hori 9.234ra jaitsi da. Azken bi asteetan herrian atzeman diren positiboei erreparatuta, urtarrilaren 3tik 9ra arte 402 kasu egiaztatu ziren, aurreko astean izan zirenen %61a. Horrek pentsarazten digu, esan bezala, kutsatze mailak beheranzko joera hartu duela nahiz eta irauli daitekeen. Intzidentzia hala ere, oso altua da oraindik.

  Baina beheranzko joera hori mantentzen ote den ziurtatzea zaila izango dugu aurrerantzean, Osakidetzak protokoloa aldatu egin baitu eta positiboen zenbaketa ez baita sistematikoki egingo, orain arte bezala. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak atzo azaldu zuenez, farmaziako testei baliagarritasuna emango zaie eta emaitza horiek berresteko Osakidetzan egin izan diren probak bertan behera utziko dira. Botikako antigeno proban positibo eman duten herritarrak bakartu egin beharko dira baina ez dute Osakidetzako jakinarazpen galdetegirik bete beharko. Sintomak okertzen zaizkien pazienteei eta osasunez zaurgarriak direnei soilik egingo zaizkie jarraipena eta proba osagarriak. Laneko baja eskatzeko, berriz, eskuragarri dagoen galdetegia bete beharko dute herritarrek. Norbere kabuz egin eta positibo ematen duten proba horiek mediku historialean nola jasoko ote diren argitzeko dago oraindik.

  Bitartean, San Martin egoitzan gora jarraitzen du positibo diren egoiliarren kopuruak. Bi egoiliar gehiagok eman dute positibo eta 17 dira une honetan gaixorik dauden nagusiak, Foru Aldundiak atzo zabaldu zituen datuen arabera. Txanponaren bestaldean, Gabonetan positibo eman zuten bi egoiliar sendatu dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!