Oñatiko udala

Covid-19aren kontrako neurriak malgututa, edukiera %100era jasoko da udal zerbitzuetan

2021/10/14
Card image cap
Erreserba zerbitzua mantenduko da igerilekuko hiru kaletan eta saunan

  Kultura ekintzetan %100eko edukiera indarrean da jada. Pasa den asteko zine emanaldietan esaterako, aretoa guztiz ireki zen. Berdin gertatuko da aurrerantzean erakusketa, kontzertu eta bestelako ikuskizun eszenikoekin ere. Eta beste horrenbeste gertatu da kirol instalazioetan eta gainontzeko udal zerbitzuetan. Edukiera mugak arintzen ari dira baina  musukoaren erabilera mantenduko da; musukoa beharrezkoa izango da leku itxietan eta metro eta erdiko distantzia berma ezin daitekeen espazio irekietan.

  Kirol instalazioetan egokitzapenak egin dira eta kantxak, zelaiak, igerilekua, harmailak, gimnasioa, rokodromoa eta ekintza gidatuen gelen edukiera ehuneko 100koa izango da aurrerantzean. Orain arte erreserbapean erabiltzen zen igerilekuaren kasuan sistema mistoa aplikatzea erabaki da; erreserba bidez kudeatuko dira hiru kale, konkretuki 7, 8 eta 9. kaleak, 1-2-3 eta 4 kaleak ikastaroetarako erabiliko dira, eta ikastarorik ez dagoenean horien erabilera librea izango da, 5 eta 6 kaleen antzera, hauek ere, erabilera librekoak izango baitira beti. Erreserba bidez kudeatuko diren hiru kale horietan edukiera pitin bat handituko da eta orduro hiru lagun sartu ahal izango dira. Saunan ere erreserba sistema mantenduko da eta 8 erabiltzaile sartu ahal izango dira, aldiko. Aldaketa hau datorren astelehenean, urriaren 18an, sartuko da indarrean.

  Hemendik aurrerako joera ikusi beharko dela esan du Izaro Elorzak. Hor dago bestelako aldaketak egiteko aukera. Unean uneko egoerara eta beharretara egokituko dugu zerbitzua, orain arte egin dugun bezala, azaldu du alkateak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!