Oñatiko udala

Covid-19aren intzidentzia metatua 1.000tik gora kokatu da Oñatin

2022/05/18
Card image cap
10.000 biztanletik gora duten EAEko herrien artean bigarren altuena da

  Jakina da Covid positiboen kontaketa zehatza ez dela egiten gurean, baina proportzio estimazio batzuk egiten dira eta joerak ikusteko balio dute. Musukoen erabileraren derrigortasuna kendu ondoren kutsatuen kopuruak gora egitea aurreikusi zen eta hala bete da Oñatin ere. Pazko astearen ondoren intzidentzia handituz joan da eta astelehenean kaleratutako azken datuek milako langatik gora kokatu dute intzidentzia metatua, otsailetik ikusten ez genuen mailan, alegia. Aipagarria da gainera, 10.000 biztanletik gora duten EAEko herrien artean bigarren tasarik altuena dela Oñatikoa. Aurretik Zumarraga dago.

  Azken astean 57 positibo erregistratu dira, baina datu hori tentuz hartu behar da, positibo guztiak ez direlako jakinarazten. Izan ere, aparteko ondoriorik ez dituzte positiboei ohiko bizitza egiteko aholkatzen zaie, hori bai, musukoa jantzita eta, ahal den neurrian, ingurukoekin harremanak mugatuta.

  60 urtetik gorakoen eta arrisku berezia izan dezaketen kolektiboen jarraipena bai egiten da eta aipagarria da, hain justu ere, intzidentzia bereziki altua dela 60-69 urte bitartekoen artean. Ospitaletan dauden gaixoen kontaketa zehatza ere egiten da eta hala dakigu azken astean baino 12 lagun gehiago daudela ingresatuta eta zainketa berezien unitateetan ere, bi lagun gehiago daudela.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!