Covid-19a dela eta Udalak hartu dituen neurriak laburbilduz bigarren bideoa grabatu du Izaro Elorza alkateak
Bizi dugun alarma egoeran kolektibo zaurgarrienei laguntzeko hartu diren neurri berrien errepasoa egiten du Izaro Elorza alkateak bigarren bideo honetan.
Haur eta gazteak gogoan, internet konexio egokia ez dutenei banatu zaizkien SIM txartelak; Gaztelekuak. Ludotekak eta Txipistinek online martxan jarri dituzten aisialdirako proposamen programak edota kalera irteteko aukera berreskuratzean haurrei zuzenduta Udalak osatu zuen dekalogoa aipatzen dira alkatearen mezuan.
Lehen sektorearen aldeko konpromisoa berretsiz larunbatetako azokak mantentzeko egin zen ahalegina azaldu eta herritarrek astez aste erakusten duten harrera ona eskertzen du Elorzak.
Gizarte zerbitzuak eta Sozioekonomia arloetan hartutako hainbat neurri ere zerrendatzen dira ikus-entzunezkoan: eguneroko beharrak betetzeko sortu diren gizarte bonoak; merkatari, ostalari eta zerbitzuak ematen dituzten profesionalei laguntzetarako 500.000 euroko diru poltsa gorde izana edota Kuttuna.org ekimena , besteak beste. Etxean geratu eta zaintza lanak berriro hartu behar izan dituzten zenbait emakume itota, bakarrik edota indarkeria pairatzeko beldurrez daudela jakitun udalak eskaintzen dituen laguntza bideak adieraziz eskuorria banatu direla gogoratzen du alkateak.
Orain arteko alarma egoeran eta konfinamendu arintzeko lehen neurriak hartu diren honetan, oñatiarrak ondo ari garela eta animoak ematen ditu alkateak bere mezuan. Baina bidea luzea izango denez, indartsu eta zentzuz jokatzen jarrai dezagun eskatzen du. Orain arte erakutsi dugun elkar zaintzarako jarrerarekin jarraitzera gonbidatuz, besarkada eta animo mezu batez amaitzen du Izaro Elorzak kasik bost minutuko iraupena duen grabazioa.
Ostiral arratsaldean zabaldu zen bideo-mezua alkateak alarma egoeran grabatzen duen bigarrena da. Lehenengoa, martxoaren 30ean argitaratu zen.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!