COETUR kongresua, Arantzazun egingo da ekainaren 2 eta 3an

2021/05/25
Card image cap
Urtebeteko atzerapenez, eta gai nagusia egungo egoerara egokituta berrantolatu da

  COETUR, Landa Turismoko Europako Biltzarra, Escapada Rural enpresak antolatzen duen ekimena da, sektoreko profesionalei zuzendutako erreferentziazko topagunea. 2020ko ekainean 7. kongresua Arantzazun egitekoa zen baina osasun egoerak hala eraginda, urtebete beranduago eta egitaraua birmoldatuta egingo da, 2021eko ekainaren 2 eta 3an, Gandiaga topagunean, iaz iragarri bezala. Hori bai, formatua hibridoan egingo da eta hizlari eta partaide batzuk Arantzazun bertan egongo dira baina beste batzuk on-line jarraituko dute biltzarra.

  Landa turismoaren erronkak eta aukerak 2021ean da kongresuaren izenburu eta gai nagusia. Turismo arloak bereziki pairatu ditu pandemiari aurre egiteko tokian tokiko agintariek indarrean jarri dituzten neurri murritzaileak. Orain, neurriak arintzen ari direnean, jarduerari nola berrekin eztabaidatuko da, bereziki begirada etorkizunean jarrita 30 urteko ibilbidean pilatutako esperientzia ahaztu gabe. Landa turismoko ikuskaritzak egindako azken datu bilketa hartuko dira hausnarketarako oinarri; 21.000 bidaiari eta estatuko 3.000 jabe baino gehiagoren erantzunak jaso dira.

  Landa-turismoaren erronka eta aukerak pandemiaren aurrean; helmuga aitzindariak etorkizuneko erronkei aurre eginez; landa turismoa garapenerako motor gisa; Zer irakatsi baduten landa ekintzaileak edota kirol proiektuak turismoa erakartzeko giltzarri gaiak aurkeztu eta eztabaidatuko dira biltzarraren lehen egunean, ekainaren 2an. Era berean, Goierri eskualdea ezagutzeko aurkezpena egingo da.

  Ekainaren 3an berriz, Covid-19arekin hiri eta landa turismoaren arteko oreka nola berreskuratu; aldakorra den turismo eszenatoki ezberdinen aurrean datuek duten garrantzia; jasangarritasunaren errentagarritasuna eta errekuperaziorako oinarriak jorratuko dira, besteak beste. Escapada rural 2020 sariak banatu ondoren amaituko da biltzarra.

  Biltzarra aurrera eraman ahal izateko Eusko Jaurlaritzaren laguntza eta anfitroi gisa parte hartzen duen BasqueTour eta Debagoiena eta Goierri eskualdeen babesa jaso du Escapada rural elkarte antolatzailek. Andaluzia eta konkretuki Sevilla berriz, herrialde gonbidatua izango da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!