"Chillidaren Burdinezko Eguzkia" haurrentzako lantegia egingo da larunbatean Arantzazun

6 eta 11 urte bitarteko haurrei eskainitako lantegia Arantzazu Gaur Fundazioak antolatu du, Donostiako Maushaus estudioa eta Arantzazuko Adiskideak elkartearekin elkarlanean. Helburua, parte hartzaileei Eduardo Chillidaren lanaren berri zuzena ematea da. Horretarako, artistaren lanetako bat ikertu eta behatuko dute haurrek, basilikako ateak, hain zuzen ere. Era berean, eta lantegia praktikoa izan dadin, gaztetxoek Chillidak erabili zituen teknika batzuk praktikan jarriko dituzte.
Chillidaren burdinezko eguzkia izeneko haurrentzako lantegia larunbat goizean gauzatuko da, 10:30etik 13:30era. Ekintza mugatua da eta gehienez, 20 lagunek parte hartu ahal izango dute. Izena aurrez eman behar da telefono zenbaki hauetakoren batera deituz: 943 716 575 nahiz 662 181 353. Partaide bakoitzak 3 € ordaindu beharko ditu. Dauden plazak beteko balira, lantegia ekainaren 17an errepikatuko da.
Arantzazuko bitxi artistikoak haurrei gerturatzeko ekimena hau martxan jarri zela urteak dira jada. Aurrez, Oteiza edota Alvarez de Eulateren lanak ere landu dira haur eta gaztetxoei zuzendutako lantegietan.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!