Oñatiko udala

Bularretik Mintzora egitasmoaren baitan antolatutako 3. irakurketa Klubak erantzun zabala jaso du.

2012/11/05
Klubaren lehen saioa etzi egingo da gehienezko partaide kopurua ziurtatuta.

  Irakurketa klubak, guraso eta haurrek konpartitzen duten irakurketa tartea da. Galtzagorri Elkarteko  profesionalek gidaturik eta irakurketa sustatzeko xedez, guraso eta haurrek elkarrekin hainbat ekimen burutzen dituzte. Hara nola, irakurketa ozenak, liburuen aurkezpenak edota irakurritako liburuei buruzko komentario eta gomendioak elkar trukatzen dira. Klubak, 3 eta 6 urte arteko haurrei eta beren gurasoei zuzenduta daude.

  Oñatin, dagoeneko bi aldiz egin da eta etzi, hirugarren irakurketa klubari ekingo zaio. Gurasoen aldetik eskaintzak harrera oso ona izan du, gehienez mugatu zen partaide kopuruak parte hartuko baitu, 15 haur eta beste horrenbeste gurasok.

  Lehen saioa, esan bezala, etzi egingo da haur liburutegian. Ondoren, taldea, azaroaren 28an eta abenduaren 19an elkartuko da berriro ere. Saio bakoitzak, ordu eta erdiko iraupena izango du, arratsaldeko 6etatik 7 eta erdietara.

  Irakurketa klubak, irakurketa sustatzearen helburu nagusia du baina horrezaz gain, guraso eta haurraren arteko irakurketa giroa sortu, kalitatezko euskal bibliografia ezagutu, gurasoak ozenki irakurtzen trebatu eta haurrek giro lasai batean gozatu dezaten lortu nahi da.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!