Bukatzear daude Urgain-Errekaldeko jolasgunea eraberritzeko lehen faseko lanak

2023/07/13
Card image cap
Alboko zelaiaren malda leundu da eta jolas eremu berritzailearekin bat egin da

  Lur Paisajistak enpresak osatutako proiektuan oinarritu dira Urgain-Errekalde herri eskolako jolasgunea eraberritzeko lanak. Bi fasetan egingo dira eta lehen faseari dagozkionak bukatzear daude. Maiatzetik hona egin diren lanetan hiru esku-hartze nagusi gauzatu dira: patioarekiko mugakide zen udal jabetzako lur saila jolasgunean integratu da, malda leundu eta altuera ezberdineko hiru terraza edo, egokituz; kirol zelaiko asfaltatuaren azalera gogorra murriztu da eta euri uren kanalizazio egokia egin da, aldi berean, jolas eremu berritzailea sortuz.

  Uztaila amaitzerako bukatuko diren eraberritze lanen ondorioz, asfaltozkoa zen jolasgunea bi herenetara murriztu da baina saskibaloi zelaia eta futbol zelaietako bat mantendu da. Ondoko lursaila jolasgunera batu eta 2.755 metro karratuko eremu berritzailea sortu da, eskola eta herri lurren artean zegoen itxitura eraitsita. Lursail horretan urarekin zegoen arazoa konpondu da, euri urak bildu eta bideratu dira, eta ura, jolaserako elementu bihurtu da, lursailaren behealdean urmael txiki bat egokituko baita. Metro erdi inguruko sakonera duen putzua eratu da eta ur soberakina ebakuazio kutxatila nagusira bideratu da. Baina ez da berezitu den eremu bakarra, natur baliabideak jolas elementu bihurtu baitira, material ezberdinez estali diren hainbat zirkulu sortuta.

  Jolasgunearen ondoan zegoen lursailaren malda hainbat puntutan leundu da, eta hiru terraza horizontal sortu dira, lanen hurrengo fasean aurreikusten diren esku-hartzetarako prestatuz; jolas elementu berriak jarriko dira, hainbat zuhaitz landatu, ingurua argiztatu eta mantendu den futbol kantxa berriro asfaltatzea aurreikusten da bigarren fasean. Horretarako proiektua jaso berri dute udaletxean eta datorren asteko batzarrean aurkeztuko zaie udal arduradunei, onartu eta esleitze prozesua martxan jartzeko. Bigarren faseko lanok 2023-2024 ikasturtean burutzea aurreikusten da, ondo bidean.

  Urgain-Errekaldeko jolasgunea eraberritzeko lanok K1 Ekopaisaia SL enpresak egin ditu. Aurrekontua, 91.164 euro izan da. Lan hauen finantzaketarako Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Hezkuntza Sailen dirulaguntzak jaso ditu Udalak. Bigarren faserako ere bi sailen dirulaguntzak eskatzea aurreikusten da.

  Eskolan oporretan dauden arren, lanak bukatuta, jolasleku berritua ireki egingo da, auzotarrek eta herritarrek erabili dezaten, ohikoa denez.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!