Brigadako pioi galdaragile plaza beteko du udalak

2020/12/15
Card image cap
Izena emateko epea urtarrilaren 15ean amaituko da

  Udalak bete asmo duen plazaren iragarkia gaur argitaratu da Estatuko Aldizkari Ofizialean, izena emateko epea irekiz. Udalak kontratatu asmo duen pioi galdaragileak udal brigadan egingo du lan. Galdaragintzako lan orokorrak egitea izango du ardura nagusi, piezak muntatu eta jartzeko galdaragintzako eta soldadura lanak egitea. Baina brigada lantaldeko bestelako lan sinpleetan lagundu beharko du, izan arotzeria edo pintura lanetan, edota hiri altzarien mantentze lanak egiten, besteak beste.

  Brigadako pioi galdaragile plaza betetzeko hautaketa prozesua oposizio-lehiaketa bidez osatuko du udalak eta kontratatzen den langileak laboral izaera izango du. Oinarrizko hiru baldintza bete behar dira lanpostura aurkeztu ahal izateko: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua, oinarrizko lanbide titulua, edo parekoa izatea; B gida baimena eta euskarari dagokionean, lehenengo hizkuntza eskakizunaren maila izatea. Baldintza horiek bete eta hautaketa prozesuan parte hartu nahi duen orok izena eman ahal izango du bihar hasi eta 2021eko urtarrilaren 15a bitartean.

  Hautaketa prozesura aurkezteko eskaerak HAZ bulegoan presentatu beharko dira, nortasun agiriaren kopia eta eskatutako titulazioa akademiko, gida baimena eta euskara mailaren egiaztagiriaren fotokopiarekin batera. Lehiaketa fasean baloratuko diren merituen fotokopiak ere erantsi beharko dira. Lehiaketa fase horretan lan esperientzia eta prestakuntza ikastaroak ez ezik, C gidabaimena izatea ere baloratuko da.

  Brigadako pioi galderagile plaza betetzeko oposizio fasean hiruzpalau froga gainditu beharko dituzte hautagaiek: gai orokorrei buruzko azterketa, gai espezifikoei buruzko ariketa teorikoa eta azterketa praktikoa eta euskarazko maila agiri bidez egiaztatzen ez dutenek, hizkuntzari dagokiona ere egin beharko dute.

  Orain bete asmo den pioi galdaragile plaza 2019ko Lan Eskaintza Publikoan jaso zen eta okerrik ezean, 2021ean beteko da.
 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!