Oñatiko udala

Bost langabetu aldi baterako kontratatzeko deialdia egin du udalak Lanbideren bitartez

2019/09/03
Card image cap
Udal brigadarako hiru pioi eta bi kale garbitzaile kontratatu nahi dira

  Lan eskaintza hauek Lanbideren enplegua sustatzeko toki ekintzetarako deialdian jaso dira. Oñatiko udalak bost pertsona kontratatuko ditu jardun osoz: udal brigadarako hiru pioi, hiru hilabeterako eta kale garbiketa zerbitzurako bi pioi, sei hilabeterako. Kontratazio horiek gauzatu ahal izateko Lanbideren dirulaguntza jasoko du udalak.

  Bost lanpostutarako deialdiak atzo argitaratu ziren Lanbideren orrian, izen-ematea irekiz. Izen-ematea, Lanbideren web atari horretatik egin behar da. Oñatin erroldatuta egotea eta Lanbiden izena emana izatea eskatzen da. Eskolaratze ziurtagiria eta B1 gidabaimena izatea ere eskatzen da, Bost postuetatik lautan B gidabaimena beharko baita. Euskara jakitea eta antzerako lanetan esperientzia izatea baloratuko da. Udalak, bere aldetik, 3 hilabeteko edo sei hilabeteko kontratua eskaintzen du, lan jardun osoz. Izena emateko epea irailaren 10ean amaituko da eta hautaketa prozesua lehenbailehen egin asmo da, San Migel jaiak hasi orduko lanean egon daitezen.

  Enplegua sustatzeko toki ekintzetarako dirulaguntza hauen bitartez sei langabetu kontratatuko ditu udalak aurten, ia aipatutako bost pioiez gain euskaltegirako administrari bat kontratatzea ere aurreikusten baita. Dena den, lanpostu horretarako deialdia beranduago egingo da.

  Laneratzeko zailtasunak dituzten kolektiboak kontratatzea da Lanbidek tokiko erakundeei eskaintzen dizkien dirulaguntza hauen helburua. 55 urtez gorakoak, emakumeak eta langabezian denbora luzez dauden eta gutxieneko diru sarrera batzuk bermatzeko RGIa deritzona jasotzen dutenak bereziki babesten dira kontratazio hauetan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!