Boluntario sarea osatzen ari da udala

2020/03/16
Card image cap
70 urtetik gorakoei telefonoz deitzen ari zaizkie nola dauden eta zein behar dituzten jakiteko

  Alarma egoeran, etxetik irteteko muga zorrotzak ditugun honetan, behar berezia duten herritarrei laguntzako boluntario sarea eratzeari ekin dio udalak. Haur nahiz nagusien zaintza egin, beharrezko gauzak erosi eta etxera eramateko, ezinbestekoak diren desplazamenduetan laguntzeko edota sor daitezkeen bestelako beharrei erantzuteko boluntarioen sarea osatzen ari da udala. Orain arte ia ehun lagunek eskaini du bere burua behar denean laguntzeko. Gehienek edozertan laguntzeko gertu daudela adierazi dute, euren autoa pertsonak edo gauzak garraiatzeko eskaini dutenak badaude eta baita joskintza lanak egiteko prest dagoela idatzi duen joskin bat ere.

  Gaia koordinatzen eta antolatzen ari dira udal arduradunak, boluntariotza ahalik eta era eraginkorrenean eta seguruenean eman dadin. Laguntzeko prest azaldu diren guztien datuak jasotzen ari dira udal arduradunak, zonaldeka banatu eta eskaintzen denaren arabera taldekatzeko. Protokolo bat sortuko da boluntarioek bete beharreko oinarrizko baldintzekin, banaka joatea, ahal dela kontaktua ekiditea…

  Boluntario izateko gertu dagoenari honako posta elektronikora mezua bidaltzea eskatzen zaio: saretuz@onati.eus helbidera. Izen-abizenak, helbidea, telefono zenbakia eta zer eskaini dezaken jakinaraztea eskatzen da. Herritarrek erakutsi duten elkartasun eta prestutasunagatik eskerrak eman nahi dituzte udal arduradunek.

  Aldi berean, 70 urtetik gorako herritarrei deitzen hasi dira, banan-banan, zein egoeratan dauden eta laguntzarik behar ote duten galdetzeko. Beharra duten herritarrek ere, bere premia adierazteko,  aipatu saretuz@onati.eus helbide elektronikora mezua bidaltzea eskatzen da. Laster, telefono zenbaki bat ere jarriko da premia berezia duten herritarrek erabili ahal izateko, baina oraindik ez da zehaztu. Jakin bezain pronto zabalduko dizuegu.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!