Oñatiko udala

Boluntario sarea osatu nahi du udalak

2020/03/14
Card image cap
COVID 19ari aurre egiteko azken neurriak

  Azken orduetan Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailetik jasotako gomendio eta neurriak aintzat harturik, Covid-19 birusaren kutsatze arriskuari aurre egiteko ahaleginean, erabaki berriak hartu ditu Oñatiko Udalak. Besteak beste, itxi egingo dira herriko jolas parkeak, birusaren transmisio bideak mugatzeko neurri gisa. Horrez gain, udalak gogora ekarri gura ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak gaur (zapatua) egindako agerraldian jakinarazitako neurriak:

  - Adinekoendako eguneko zentroak itxiko dira.

  - Adinekoen zentro publikoetan eta pribatuetan bisitak mugatuko dira. Egoiliar bakoitzeko pertsona bakarra joan ahal izango da bisitan, eguneko; eta 37ºC-tik gorako tenperatura dutenei sarrera mugatuko zaie.

  - Edozein motatako jarduerak bertan behera uzteko erabakia hartu da: museoak, erakusketa aretoak, ostalaritza (etxeko zerbitzua salbu), kirol instalazioak, joko-lokalak, txokoak, elkarte gastronomikoak eta otoi egiteko zentroak.

  - Metro eta erdiko gutxieneko segurtasun tartea bermatzen ez duten lokaletako jarduera mugatu da.

  Bada, aipaturiko neurriak bihartik aurrera egongo dira indarrean, aldizkari ofizialean argitaratu ostean. Dena den, Oñatiko Udalak gogorarazi gura du neurriok gaurtik aurrera errespetatzeko deia egin diela Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak herritarrei. Horri loturik, udalak osasun alorreko adituek egindako gomendioak errespetatzeko deia egiten die herritarrei. Hala nola: egunerokoan metro eta erdiko distantzia errespetatzea -erosketak egitean, ilaran egotean, lanean…-; higiene gomendioak errespetatzea; ahal bada, dirua ez erabiltzea -txartel bidez ordaindu daitekeen kasuetan, hura erabiltzea-; ahal den neurrian, lana egiteko bitarteko telematikoak erabiltzea…

  Bestetik, boluntario sarea eratzeari ekin dio udalak, herritarren zaintzarako, beharrezko gauzak erosi eta etxera eroateko, desplazamenduetan laguntzeko edota sor daitezkeen bestelako beharrei erantzuteko. Bada, boluntario sareko kide izan gura duenak, mezu bat bidali dezala saretuz@onati.eus e-posta helbidera honako informazio hau jakinaraziz: izen-abizenak, helbidea, telefono zenbakia eta zer behar dut?/zer eskaini dezaket? galderari erantzuna. Ostera, astelehenean bertan telefono zenbaki bat ere jarriko da horretarako. Horrenbestez, herritarrei boluntario sarean izena emateko dei egiten die udalak herritarrei.

  Bide batez, Oñatiko Udalak eskerrak eman gura dizkie herritarrei ezohiko egoera honen aurrean erakusten ari diren konpromisoa eta arduragatik.

Iturria: Udal Gobernu Taldea

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!