Bolumen handiko hondakinak GHKren esku utzi beharko ditu Debagoieneko Mankomunitateak

2022/01/20
Card image cap
GHKren aldeko epaia sakonago aztertzekotan da Mankomunitateko Ingurumen batzordea

  Mankomunitateak eskualdeko garbiguneetan eta herririk herri batzen dituen bolumen handiko traste zaharrak zuzenean kudeatu ditu orain arte; batutako hondakinei balioa ematen dien enpresa pribatu batekin kontratua dauka. Baina Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari arrazoia emanez, bolumen handiko hondakin handiak GHKren esku uztera zigortu du Mankomunitatea Donostiako epaitegi batek.

  Hondakinak GHKren esku utzi behar zituela jakinarazi zion kontsortzioak Mankomunitateari 2020ko irailaren 25ean. Ondorioz, eta eman berri den epaia beteaz, hondakinak Zubietara bideratu beharko ditu aurrerantzean, eta gainera, 2020ko irailaren 25etik hona pilatuko lituzkeen hondakinen kalkulua eginda, horri legokiokeen tarifa ordaindu beharko du Mankomunitateak.

  Epai honen berri asteartean jaso zen Debagoieneko Mankomunitatean eta atzo egin zen Ingurumen batzordean aztertu zuten. Harriduraz hartu dute Ingurumen batzordeko kideek epaitegiaren ebazpena, Mankomunitateak hondakinak balioztatzeko lana egiten duelako eta GHK-k dituen tarifak baino prezio merkeagoan, Asier Iraeta batzordekideak azaldu digunez. Kontu egin behar da GHKren Zubietako plandan egun ez dagoela bolumen handiko hondakinei balioa emateko azpiegiturarik eta ondorioz, Elgoibarra bidali behar direla lehenik eta, aprobetxatu ezin diren azken hondakinak, gero, Zubietara. Epelen ba ei dago halako hondakinetarako transformazio gune bat baina ez dago martxan. Debagoienatik eskualdean dagoen gune hori abian jartzea eskatu omen zaio GHKri baina ez da gauzatu.

  Gaia sakonago aztertuko eta epaia errekurritu ala ez baloratuko dute mankomunitateko arduradunek, Iraetak azaldu digunez. Hondakinei balioa emateko beharra betetzen baitu Mankomunitateak eta GHK-k baino merkeago. Sententzia ez dutela ulertzen eta espero ere ez zutela espero esan digu Mankomunitateko Ingurumen batzordeko kide den oñatiarrak.

Iturria:Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!