Zahartze aktiborako "BiziPoz" egitasmoa martxan jarriko da 55 urtetik gorako herritarrei zuzenduta

2016/02/15
Card image cap
Programaren inguruko argibideak asteazkenean emango dira

  Udalak eta Enpresagintza Fakultatearen babesean sortutako Want enpresak landu dute BiziPoz egitasmoa. 55 urtetik gorako herritarrei zuzenduta dago eta dituzten abilezia eta konpetentziak herrirako onuragarriak diren proiektuetan aprobetxatzea da helburua; bizi esperientziaz jasotako jakinduria herria hobetzeko proiektuetara bideratzea da helburua.

  BiziPoz zahartze aktiborako egitasmoak bi hileko iraupena izango du. Martxoa eta apirilean gauzatuko da. Partaideek, astean behin, gizartea eta osasunaren inguruko bi orduko saio praktiko eta dinamikoa izango dute. Adituak joango zaizkie eta ikasitakoa praktikan jartzeko dinamikak landuko dituzte. Hala, herrirako interesgarriak diren proiektu sozialak azalduko zaizkie eta tutoreen laguntzaz horiek landu eta ekimen berriak sortu eta aurrera eramaten saiatuko dira, beti ere, duten jakituria eta esperientzia aprobetxatuz. Programan zehar parte hartzaileek lan autogestionatua, lidergoa, sormena, ekimena edota ikuspuntu orokor mailako trebakuntzak landuko dituzte.

  Egitasmoan parte hartzeko adina eta motibazioa soilik eskatzen da. 55 urtetik gorakoa izatea eta jendearekin lan egin eta herriaren alde egiteko gogoa eta konpromisoa izatea bakarrik.  Ez da titulazio akademikorik behar.

  BiziPoz programaren inguruko argibideak, asteazkenean Kultur Etxean izango den ekitaldi irekian emango dira. 17.00tan hasiko den ekitaldian, programaren nondik norakoak xehetasunez azalduko dituzte egitasmoaren sustatzaileek. Saioa irekia da eta interesa duten 55 urtetik gorako guztiei zuzenduta dago.
 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!