BIZIPOZ programaren 5. edizioa beteko da urtarrilaren 24tik martxoaren 21era

2018/01/05
Card image cap
Teknologia berriak eta zahartzaroan ekonomia gaiak jorratuko dira

  BiziPoz 55 urtetik gorako pertsonei zuzendutako formazio aktiboko programa da. Programak formazioa eta gizartearen hobekuntza sustatzen du. Izan ere, parte-hartzaileek formazioarekin batera proiektu sozialak gauzatzen baitituzte.
Hainbat helburu ditu programak: taldean parte hartu eta elkarri eragiten ikastea, taldean erlazionatzen diren bitartean bakoitzaren gaitasun pertsonalak garatuz; adituen bitartez parte-hartzaileen interes eta kuriositateei buruzko materia eskaintzea eta formakuntza, parte-hartzea eta Oñatiko pertsona nagusi aktiboen garapenaren bidez mendekotasun egoerak aurreikustea.

  Tailerrak astean behin landuko dira eta bi orduko iraupena izango dute. Saioak aditu batek dinamizatuko ditu, programaren arduradunekin batera. Adituak denbora mugatua izaten du bere azalpen teorikoa emateko eta saioa talde txikietan ariketa dinamikoak eginez osatzen da, ikasitako teoria praktikan jarriz. Aurreko edizioko partaideak proposatutako gaiak kontuan izanik 5. edizio honetan teknologia berriak eta zahartzaroan ekonomiari buruzko gaiak landuko dira.

  5. BiziPoz programa urteko lehen hiruhilekoan beteko da. Urtarrilaren 22ra arte izango da izen-emateko aukera eta tailerrak hilaren 24tik martxoaren 21era arte egingo dira, asteazkenero. Horiekin batera proiektuak garatzeko tutoretzak egingo dira.

  Udalak argi berdea eman dio BiziPoz programaren 5. edizioari eta hau gauzatu dadin 4.211 euroko aurrekontua onartu du.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!