Bizikletentzako aparkaleku estaliak jarriko dira Santa Marina plazan eta Zuazola institutua eta azoka ondoan
Partaidetzazko Aurrekontuak 2019-2020 egitasmoan herritarrek hautatu zuten inbertsioetako bat da bizikletentzako aparkaleku estaliak jartzearena. Hasieran bost kokalekutan jartzea aurreikusi zen baina lekuak bertatik bertara ikusita biren instalazioa oraingoz atzeratzea erabaki da. Urgain-Errekalde eskola eta Azkoagain inguruan oraingoz ez dira halakoak jarriko, bai ordea, Santa Marina plazan, Zuazola-Larraña institutu ondoan eta azoka inguruan.
Estalpe hauek ez dute alboko itxiturarik izango, altzairu galbanizatuzko egitura eta lurrera ainguratutako zutoin eta habe bana izango dute. Estalkia polikarbonozkoa eta gardena izango da, inklinatua eta euri-urak batzeko sistema daukana, bizikletak busti ez daitezen, eta lekuaren arabera handiagoa edo txikiagoa. Sabaiaren punturik baxuena zorutik bi metrora egongo da eta luzeena Zuazola-Larraña institutu inguruan kokatuko da, 8,5 metroko luzera izango baitu aparkaleku estaliak. Santa Marinan eta azoka ondoan txikiagoak jarriko dira: 6,5 metrokoak, gutxi gora behera.
Udalak martxan du jada bizikletentzako hiru aparkaleku estali hornitu eta instalatzeko esleipen prozesua. Lanak 12 asteko epean egin beharko dira, gehienezko aurrekontua 51.000 euro da eta interesa duten enpresek azaroaren 4ra arteko epea dute proposamenak aurkezteko. Lanak adjudikatzeko aldagai nagusia eskaintza ekonomikoa izango da, puntuazioaren %70 lortzeko aukera emango duelarik, baina berme epea eta hornidura epea ere baloratuko dira.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!