Oñatiko udala

Bizikletei argazkiren bat atera edo ezkutuko markaren bat egitea aholkatzen du udaltzaingoak.

2012/01/23
Horrela, gure txirrindua identifikatzeko aukera izango dugu. Oñatin, hilero laupabost bizikleta desagertzen direla salatu ohi da.

  Bizikletak lapurtzea nahikoa xamurra izaten da. Zaintza berezirik gabe uzten dira eta askotan, lotu edo kateatu gabe ere bai. Edonork hartu eta eraman ditzake. Gurea dela identifikatzeko markarik edo egiten ez badiogu gainera, berreskuratzea zailagoa izango da.

  Horretxegatik, bizikletei argazkiren bat ateratzeko, edo guk bakarrik dakigun toki ezkuturen batean markaren bat egitea gomendatzen da udaltzaingotik. Beti ere gurea dela identifikatu eta frogatzeko aukera izan dezagun.

  Oñatin, hilero laupabost bizikleta desagertzen direla salatu ohi da udaltzaingoan. Salaketa horien berri ertzainei eta epaitegiari ematen zaie, deskuidoan, nonbait, lapurtutako bizikletak agertzen badira halakorik salatu dutenei abisua eman diezaieten. Baina agertuta ere, gurea dela egiaztatzea zaila izaten da, marka eta kolore bereko bizikleta asko daudelako. Horretxegatik, gureari, identifikazio marka ezkuturen bat egitea aholkatzen da.

  Hilean laupabost salaketa, astean halako bat edo jasotzen dute udaltzaingoan. Hori bataz bestekoa edo media da baina pasa den astean halako 3 izan baitziren bi egunetan. Aipatu behar da gainera, lapurtutako  txirrinduetako bat katez lotuta zegoela. Udaltzaingoak, kasua ikertzen ari da.

  Era horretako ikerketek hainbat lagun atxilotzea ere ekarri ohi dute. Orain urtebete esaterako, Oñatiko udaltzainek Zumarragatik propio txirrinduak lapurtzera etortzen zen pertsona bat atxilotu zuen. Oñatin bizikletak harrapatu, furgoneta batean sartu eta eramaten zituen beste herri batzuetan saltzeko asmoz.
Gaizkilea atxilotuta ere, bizikletak beren jabeei itzultzea ez da beti xamurra izaten, identifikatzea zaila baita. Horretxegatik, gogoan hartu udaltzaingoak emandako aholkua: Bizikletei argazkiren bat atera edo ezkutuko markaren bat egitea.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!