Oñatiko udala

Bizikletaren erabilera egokia sustatzeko kanpaina martxan jarri da.

2013/07/16
Udaltzainak, arratsaldero aholkuak ematen ari dira oinezko kaleen sarreretan, Etxaluzen eta Txaketuaneko bidegurutze inguruan.

  Jakina da Kale barria, Atzeko kalea eta Kale zaharra oinezkoen kaleak direla eguerdiko 12etan piboteak jasotzen direnetik aurrera, hau da, trafikorako ixten direnetik aurrera. Hori ez da ordea beti errespetatzen eta bizikletan doazenak aipatu kaleetatik barrena ibiltzen dira. Arazoa, oinezko ugari biltzen direnean sortzen da. Horretxegatik, eta bizikletaren erabilera egokia sustatzeko asmoz, sentsibilizazio kanpaina bati ekin dio udaltzaingoak.

  Arratsaldero, 5ak eta 7.30ak bitartean, Txaketuaneko bidegurutze inguruan eta Etxaluze parean udaltzain bana izaten da bertatik bizikletan doazenei aholkuak emanez. Derrigorrezkoa ez bada ere, kaskoa erabiltzearen egokitasuna azaltzen zaie eta bizikletarentzat markatutako ibilbideetarik joateko gomendioa egiten zaie, beti ere, oinezkoen kaleak errespetatu ditzaten eta bertatik pasa behar badute, bizikletatik jaitsita oinez joan daitezela eskatuz.

  Hori, kaleak trafikorako itxita dauden bitartean. Goizeko 8etatik 12etara, piboteak jaitsita eta ibilgailuentzako irekita dauden bitartean, bizikletak ere bertatik pasa daitezke baina oinezkoek lehentasuna dutela gogoan hartuta. Kasu honetan, kaleen norabidea kontuan izatea eta abiadura moteltzea aholkatzen da. 

  Udal gobernu taldeak ere, kanpaina babestuz oinezkoen guneak errespetatzeko deia egin du.

  Uda partean, eguraldia lagun, eta oporrak tarteko, bizikleten erabilera handitu egiten da gurean. Baina herritarrak orokorrean ere, gehiago ibiltzen gara kalean. Horretxegatik, oinezko eta bizikleta zaleen arteko elkarbizitza ezinbestekoa da. Oinezkoen guneetan, lehentasuna, beti oinezkoek dutela garbi izan eta errespetatuz. 

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!