Bizikletak aparkatzeko estalkia jarri da postetxeko bus geltoki atzealdeko berdegunean

2022/05/17
Card image cap
Bizikletak seinaletan, baranda edo faroletan lotuta uztea saihestu nahi da

  Postetxeko autobus geltokiaren ondoan bizikletak aparkatzeko leku egokirik ez eta inguruan, nonahi, lotuta uzten direnaz ohartu ziren udal arduradunak. Izan ere, badira autobusa hartzera bizikletaz joateko ohitura duten herritarrak nahiz eta inguruan hau uzteko leku aproposik ez duten. Gabezia hori betetze aldera bizikletak uzteko aparkaleku estalia jarri da.

  Erabakia hartu aurretik hainbat puntu baloratu dira: bidaiari gehiago bizikletaz joatera animatu ditzakeela; zeharka, autobusaren, hau da, garraio publikoaren, erabilera areagotu daitekeela eta kaleen irisgarritasuna hobetuko dela, bizikletak leku egokian eta inorentzat traba edo oztopo bihurtu gabe gorde daitezkeelako. Gaia aztertzen ari ziren aldi berean herritar baten eskaera jaso zen udaletxean eta aipatu aparkalekua jartzea erabaki zen.

  Herrian badira bizikletentzako aparkaleku estaliak eta eredu hori jarraituz halakoen itxurako estalkia egitea eskatu zitzaion Caravanas Oñate enpresari, 5.539 euroren truke. Estalpearen zimendua eta zoladura udal brigadak egin du aurreko asteetan eta estruktura kokatzen atzo bukatu zuten. Bizikleta aparkalekua irekia da, alboko itxiturarik gabe, eta gardena den estalki inklinatua du, euri urak batzeko sistemarekin.

  Bizikletak aparkatzeko estalki berria postetxeko autobus geltokiaren atzealdeko berdegunean dago, hormaren ondoan. Jarri berri den estalki honekin bizikletaren erabileraren aldeko ekipamendua osatzen jarraitzen du Udalak, bidegorri sarea osatuta, garbiketa-gunea, aparkaleku euskarriak eta estaliak ere jarri baitira herriko leku ezberdinetan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!