Oñatiko udala

Bizikleta eta patineteentzako aparkaleku berriak ipini dira institutuan eta Errementari plazan

2022/11/28
Card image cap
Kalegoienako lurazpiko aparkalekuan, bizikletentzako gune itxi-babestua prestatzen ari dira

  Mugikortasun jasangarria eta, zehazki, bizikleta edo patinete bidezko mugikortasuna sustatzeko lanean jarraitzen du Udalak. Halako ibilgailuak aparkatzeko elementu berriak jarri dira Errementari plazako jolas parkearen ondoan eta Zuazola institutuko sarrerako arkupetan. Institutuan lehenago ere bazeuden bizikletak lotzeko elementuak baina txikiak eta deserosoak ziren eta herriko beste gune batzuetan daudenen modukoak jarriz ordezkatu dira. Hemen ez da patineteak uzteko aparkalekurik jarri, ikasleak, nagusiki, bizikletaz joaten direlako ikastetxera.

  Ikastolara ez ezik, kiroldegira doazen ikasle askok bai, patineteak erabiltzen dituzte eta, ondorioz, Santa Ana inguruan jarri ziren aparkalekuak beteta egoten dira, sarritan. Halako elementu gehiago eskatu dira eta udaletxean jaso orduko jarriko dira, Santa Anako horma ondoko aparkalekua handituz.

  Kiroldegiko lurrazpiko aparkalekuan bizikletentzako gune itxi-babestua prestatu zen, bestalde, uda atarian, proba moduan. Kiroldegiko txartela erabiliz ireki ohi da gunerako atera, eta horrek, erabiltzaileen kontrola egiteko aukera ematen du. Harrera oso ona izan du guneak eta antzeko beste bat prestatzen hasi dira Kalegoienako lurrazpiko parkinean. Hainbat aparkaleku hartu dira eta hesiz ixten ari dira, bizikletentzako propio gordetzeko. Udal brigadako langileak ari dira lana egiten, eta egun gutxi barru erabilgarri egotea espero da. Hemen ere kiroldegiko txartela erabiliko da sarrera ireki ahal izateko.

  14 urtetik gorako bazkideei automatikoki aktibatu zitzaien kiroldegiko txartela bizikletentzako gune babestua erabili ahal izateko. Gazteagoen kasuan, gurasoek propio eskatu behar dute. Kiroldegiko bazkide ez direnek, berriz, txartela kiroldegian eskatu behar dute, 5,15 euro ordainduta. Aparkalekuaren erabilera doan da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!