Bixente Urrutiak zinegotzi kargua utziko du gaurko Osoko Bilkuran

2021/11/25
Card image cap
Hiru adierazpen instituzional eta mozio bat aztergai izango dira 19 gaiko lan zerrendan

  Arrazoi pertsonalak tarteko Bixente Urrutia Elexpuruk zinegotzi kargua utziko zuela jakinekoa zen baina uko egitea arratsaldeko Osoko Bilkuran gauzatuko da. Ondorioz, udaleko hainbat batzorde informatibo eta udal ordezkaritza duten organo berrantolatuko dira eta kide berrien izendapena ere gaurko bilkuran egingo da.

  Baina aurkeztuko diren adierazpen instituzional ugariek ematen dute atentzioa arratsaldeko bilerarako lan zerrendan, halako hiru azalduko direlako eta mozio idatzi bat ere bai. Gaur, azaroaren 25, emakumeen kontrako indarkeria ezabatzeko nazioarteko eguna den honetan, indarkeria matxistaren kontrako adierazpen instituzionala aurkeztuko dute udalbatza osatzen duten bi taldeek. EH Bilduk eta EAJk adostuta baita ere, abenduaren 3an Euskararen eguna izango dela eta horri buruzko beste adierazpen bat irakurriko da eta hirugarrena, berriz, migraziorako euskal itun sozialaren ingurukoa izango da.
Aurreko adostasunik gabe eta, ondorioz, EH Bilduren izenean, interes publiko goreneko proiektuen erregulazio berriari buruzko mozioa ere eztabaidatuko da gaurko Osoko Bilkuran.

Aipatutakoez gain, Lezesarri auzorako oinezkoendako ibilbidea egokitzeko proiektua onura publikotzat jo eta ukituko diren lursail eta jabeen zerrenda behin betikoz onartzea eskatuko da. Presazko gai bat ere proposatuko da, Udala eta Gizabidea fundazioa elkartearen arteko hitzarmena eta dirulaguntza, hain zuzen ere. Lan zerrendan 19 gai jaso dira.

  Arratsaldean indarkeria matxistari aurre egiteko manifestazioa izango zela jakinik gaurko bilkura ohikoa baino lehenago hasiko zela jakinarazi zuen alkateak urriko Osoko Bilkuran, eta hala egingo da, 17:30tan ekingo baitzaio. Oñati irratiak zuzenean eskainiko du, ohikoa denez.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!