Bilduk atez atekoaren inguruan balorazio baikorra egin ahal izateko informazioa manipulatu duela adierazi du EAJko udal taldeak.

2014/07/03
Jeltzaleek 5. edukiontzia defendatzen jarraitzen dute sistema eraginkorragoa dela esanez.

  Hondakinak biltzeko sistema berria martxan jarri eta lehen urtera Bilduk egin duen balorazioa triunfalistatzat jo du Lourdes Idoiaga EAJko bozeramaleak. Baikorra eta triunfalista bai, baina alderatu ezin diren datu estatistikoak konparatuz egin dena eta ondorioz, oñatiarrei iruzur egiteko asmoz plazaratu dena. Jeltzaleen hitzetan ezin da esan aurretik gaika %24a biltzen zela eta orain %83a, aurreko sistemak organiko eta errefusa bananduta sailkatzea ahalbidetzen ez zuenean. Bilduko udal gobernuaren balorazioan “hondakin turismoa” delakoa ere ez dela aipatu gogorarazi du bozeramale jeltzaleak.

  Datu estatistikoetatik haratago, esan du Lourdes Idoiagak, garrantzitsuena Bilduk inposatutako sistemak pertsonengan duen eragina da. Oñatiarrak kuboen eta gaikako bilketaren morroi bihurtu dituela azaldu du bozeramale jeltzaleak. Atez atekoak oñatiarrei esfortzu eta sakrifizio handia eskatu diela esan du, asteko 7 egunak ordutegi eta jaitsi beharreko hondakin eta kuboen menpe egon behar direlako. Alde horretatik herritarrek izandako jarrera eta prestutasuna txalotzekoa dela adierazi du Idoiagak baina inguruko herrietara inbidiaz begiratzen dutela.

  Horren haritik, Legazpin, Oñati mailako birziklatze mailara iritsi direla, Arrasaten 5. edukiontzia ezartzea erabaki dutela eta Elgetan, herri kontsulta egin dutela aipatu du. Oñatin, Bilduk, hasieratik, jarrera inposatzailea izan duela erantsiz.

  EAJko udal taldeak, hondakinen gaikako bilketa defendatzen duela eta 5. edukiontzia defendatzen jarraituko duela esanez amaitu du Lourdes Idoiagak bere azalpena, 5. edukiontzia atez atekoa baino eraginkorragoa den sistema dela esan du.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!