Bihartik aurrera plazako aparkalekua itxi egingo da.

2012/09/18
Barrakak datozela aprobetxatuko da guneari erabilera berria emateko. Plaza, lorategia, orain arteko aparkalekua eta pilotalekua jolas eta aisialdirako gune bateratua bihurtuko da jaixen ondoren.

  Plazako aparkalekua itxi eta jolas-gune bihurtzeko asmoa aspaldikoa da. Aldaketa hori noiz eta nola egin zehaztea falta zen. LKS kooperatibari espazio publikoen azterlana egitea eskatu zitzaion eta txostenean jada, Foruen enparantza-lorategi-aparkaleku eta pilotalekuaren arteko espazioa bateratzea proposatzen zen. Horrek, egungo aparkalekua kentzea eskatzen zuen.

  Jaixak tarteko barrakak datozela aprobetxatuko da aparkalekua ixteko. Baina aurten jada epe mugarik gabe.
Bihar goizeko 8etarako plazako aparkalekua hutsik, autorik gabe egon beharko da barrakak sartu daitezen.
Jaiak iraun bitartean, ordezko gisa, kiroldegiko aparkaleku publikoa ireki eta doan izango da. Hori ere bihar bertan hasita.

  Baina Errosarixo jaixak amaituta, aparkaleku publikoko barrera jaitsi egingo da eta ordaintzeko aparkaleku bihurtuko da berriro, nahiz eta plazako orain arteko aparkalekuak itxita jarraituko duen. Kiroldegiko aparkaleku publikoari dagokionean, gobernu taldeak tarifak malgutzeko asmoa du, orain arteko doako aparkamendu iraupena luzatuz eta minutuko kostua ere merkatuz. Horrek ordea, indarrean dagoen zerga ordenantza aldatzea eskatzen du eta ezin da berehalakoan egin. Aurten beraz, jaiak amaituta, lehengotara itzuliko da eta urtarriletik aurrera, ordenantza fiskal berriak indarrean sartu eta lurrazpiko aparkalekuaren funtzionamendua ere aldatuko da.

  Baina bueltatu gaitezen plazako aparkalekura. Bihar goizean iritsiko dira barrakak gurera. Goizeko 8etan dute sarrera ordua. Ordurako aparkalekua autorik gabe egon beharko dela jakinarazten duten seinaleak gaur ilunkaran bertan jarriko dira inguruetan.
Barrakak muntatu eta ebeikotzerako martxan jarriko dira, ebeikotzean hain zuzen ere, txartelen prezioa merkatuko da eta euro baten eskuratu ahal izango dira. Zapatutik aurrera berriz, barraken txartelak, 1.60 izango da. Beti ere merkeago hainbat bidaietarako bonoa erosi ezkero.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!