Biharko deituta dagoen greba orokorrak ez du iazko martxoan eta irailean egin zirenen adinako erantzun zabalik izango Oñatin.

2013/05/29
Lan uztea, orokorrean, nabariagoa izango da zerbitzu publikoen arloan.

  Zerbitzu publikoetan, lan uztea nahikoa orokorra izango dela esan genezake, ez ordea, sektore pribatuan. Arlo honetan, erantzuna ezberdina baita enpresaz enpresa.

  Zerbitzu arlo publikoan. Udalak, Errekalde Herri Eskolak, Zuazola-Larraña institutuak, Txiki Txoko haur eskolak eta posta bulegoan greba egingo dutela jakinarazi digute. Kiroldegia, Kultur Etxea, euskaltegia eta udal komunikabideak bihar itxita izango dira. Udaletxeko erregistroa da irekiko den bakarra, baina hau ere, herritarrei zabaldutako ordutegian soilik, goizeko 9etatik ordu bietara. Edozein zapatu edo domekatan bezala, bihar ere, argiteria eta lurperatzaile zerbitzuetako arduradunak lokalizatuta egongo dira. Udaltzainak ere lanean izango dira polizia legearen arabera, ezin baitute grebarik egin baina larrialdiren bat gertatzen ez bada, bulegoan, lan administratiboak egiten arituko dira soilik. Horrek esanahi du ez direla kaleko piboteak ireki eta itxiko. Alegia, bihar goizean, kale barria, kale zaharra eta atzeko kalean ezin izango da autoz sartu.

  Txiki txoko haur eskolan ere zerbitzu minimoak beteko dira eta langile bakarra izango da goizeko 7 eta erdietatik ordu bi eta erdietara eramaten diren haurrak zaintzeko. URGAIN osatzen duten gainontzeko ikastetxe publikoak ere bihar itxita izango dira eta beste horrenbeste gertatuko da posta bulegoan.

  Industria arloan,  Garai, energia portatil, Ulma Forja eta Lana kooperatibetan greba egingo dute bihar.
ULMAko gainontzeko negozioetan bihar lana egitea erabaki dute langileen gehiengoak, eta lan egingo da baita ere Natra, Txintxurreta, Nemesio Zubia eta Fagor Industrial kooperatiban. Stadlerren ez dute bozketarik egiten eta langile bakoitzak erabakiko du greba egin ala ez. Beste horrenbeste esan digute osasun zentroan ere. Hemen ez dute asanbladarik egin eta bihar bertan ikusiko da lanera zenbat eta zein doazen. Dena den, argitu behar da Eusko Jaurlaritzak osasun arloko zerbitzu minimoak zehaztu dituela eta gutxienik, zapatuetako zerbitzua bermatuta egongo dela.

  Txantxiku Ikastolan, Elkar Hezin eta Enpresagintza fakultatean ere bihar grebarik ez egitea erabaki du langileagoaren gehiengoak, beraz, eskolak normaltasunez emango dira.

  Ostalaritza eta merkataritza arloan berriz, ez da erabaki orokorrik hartu eta dendari eta tabernari bakoitzaren araberakoa izango da.

  ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE, Hiru, CNT eta CGT sindikatuak, eta haiekin batera Gune bilgunean dauden eragile sozialak deitu dute biharko greba orokorra eskubide sozial eta laboral duinen alde.

  Baina greba egiteak ez du esanahi lanera joan gabe etxean geratzea. Hainbat mobilizazio antolatu dira herrian eta inguruetan. Bihar eguerdiko 12etan esaterako, elkarretaratzea egingo da plazan, eta arratsaldeko 7etan, Arrasaten manifestazioa egingo da. Oñatiko gazteek Arrasatera joan etorria bizikletan egitea erabaki dute. Horretarako eta taldean joateko, arratsaldeko 17:30ean plazan elkartuko dira. Bergaran ere 18:30ean manifestazioa egingo da.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!