Oñatiko udala

Bihar sinatuko da San Lorentzo auzoko 10. areako irisgarritasun lanen kontratua

2022/07/12
Card image cap
Morga S.L enpresak egingo ditu lanak eta datorren astelehenean hasteko asmoa dago

  Asfaltados y Construcciones Morga S.L enpresa bizkaitarrari esleitu dizkio Udalak San Lorentzoko 10. area deritzona irisgarritasun neurrietara egokitzeko lanak, 461.118 euroren truke. Bihar bertan sinatuko da kontratua eta lanak datorren astelehenean, hilaren 18an hasiko dira, ondo bidean.

  San Lorentzoko 10. area deritzon guneak 50-51-52 eta 56-57 zenbakiak diren eraikinen inguruak hartzen ditu bere baitan. Horrekin batera, auzoaren perimetroa den eraztun zati bat ere konpondu asmo da, oinezkoen pasabideak eta aparkalekuak egokituz. Lanak, A2B Arquitectos enpresak osatu zuen proiektuaren arabera egingo dira. Espaloiak zabaldu, zoladura berritu, pendizak arindu, oinezkoen ibilbideetan dauden desnibelak eta etenak ezabatu, eta pendiza handiegia den lekuetan baranda edo eskudelak ipiniko dira, besteak beste. Lan hauek egingo direla aprobetxatuz, ur zikinen saneamendu sarea ere berrituko dute, Gipuzkoako Urak S.A. enpresak landutako dokumentazioan jasotakoaren arabera. Azken lan hauen kostua Gipuzkoako Urak enpresak ordainduko dio Udalari.

  Bi enpresa aurkeztu ziren San Lorentzo auzoko 10. area deritzon gunean egingo diren irisgarritasuna hobetzeko eta ur zikinen saneamendua berritzeko lanen prozedurara eta eskaintza ekonomikoa erabakigarria izan da esleipena Morga S.L.ren alde egiteko, beste atal guztietan puntutan berdinduta baitzeuden. Udalaren lizitazio prezioa 14.000 eurotan merkatuta egingo ditu lana eraikuntza enpresa bizkaitarrak.

  Lanak 22 astetan egitea aurreikusten da, beraz, datorren astelehenean hasita, abendu erdialderako amaitzea espero da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!