Bihar irekiko da Ur-uhinak parkea eta astelehenean kiroldegiko berdegune eta solariuma

2021/06/18
Card image cap
Bata zein bestea erabiltzeko txanda eskatu behar da eta aforoa mugatua da

  Covid-19ak zuzenean eragingo dio aurten ere Ur-uhinak parkearen erabilerari. Osasun sailaren kontingentzia planaren irizpideak jarraituz, kutsatze arriskua minimizatzeko prebentzio neurriak hartuko dira Larrañako ur uhinen parkean. Txorroetara sartu eta irteteko lekuak berezitu dira, ingurua zaintzen eta txandak ematen zaintzaile-harreragileak izango dira eta erabilera denbora eta kopurua mugatu egingo dira, besteak beste.

  Ur-uhinak parkearen erabilera erreserba bidez egingo da. Ur txorrotan jolastu ahal izateko txanda hartu beharko da, egunean bertan. Txandek 30 minutuko iraupena izango dute, beti ere, beharraren arabera aldatu daitekeelarik. Egunean txanda bakarra hartu ahal izango da baina eskariaren arabera aldatu egin daiteke baita ere. Ur jolasen aforoa 50 lagunekoa izango da txanda bakoitzean.

  Txanda ur parkean bertan eskatu ahal izango zaio zaintzaile-harreragileari edo telefonoz honako zenbakira deituta: 688 621 142. Aipatu zenbakia parkean jarriko den informazio kartelean agertuko da. Era berean, gunea erabiltzeko arauak eta higiene neurriak ere azalduko dira kartelean. Eskuak maiz garbitu eta 1,5 metroko segurtasun distantzia gordetzeko ia ohiko bihurtu zaizkigun gomendioez gain beste aholku batzuk agertuko dira: jolaserako objekturik ezingo da erabili, Covid-19aren sintomarik izanez gero parkera ez joateko eskaera, toallak ez partekatu eta etxera heltzean bainujantziarekin batera garbitzea eta adingabeak zaindu eta prebentzio neurriak bete ditzaten behin eta berriz eskatzea, besteak beste.

  Ur uhinak parkea bihartik aurrera irailaren 12ra arte erabilgarri egongo da, 11:00tatik 13:00era eta 15:00tatik 21:00ra. Bi zaintzaile izango dira, bat goizez eta bi arratsaldez, horietako batek, errefortzu moduan, 16:00tatik 20:00ak arteko ordutegia beteko duelarik. Hauek, instalazioa egoki erabiltzen dela ziurtatzeaz gain, txandak emango dituzte. Guztia gertu dago, udaleko mantenu langileek ur-txorroten instalakuntza egiaztatu eta ur eta argindar hornidurak berrezarri dituzte eta komun publikoa gaur bertan kokatuko da.

  Ur uhinak parkea bihar irekiko da eta Zubikoako berdegunea eta solariuma datorren astelehenean. Berdeguneak 100 laguneko aforoa eta terrazak 50 lagunekoa izango du. Bertara joateko txanda eskatu beharko da baita ere. 3 orduko txandak emango dira baina halako bi jarraian hartzeko aukera izango da. Gainera, igerileku handiko hiru kale eta igerileku txikia haurren jolaserako erreserbatuko dira. Kortxerak kenduko dira eta bai igerileku txikia baita handiko 1-2 eta 3 kaleak eremu irekiak izango dira. Erabilpen aforoa ere mugatu da, igerileku txikian aldiko 30 lagunek hartu ahal izango dute bainua eta igerileku handian jolaserako eremuan, 15 lagunek.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!