Bihar hasiko dira Kalegoienako jolas gunea estaltzeko lanak.

2012/11/12
Egaralur enpresak egingo ditu eta bi hilabetetan egitea aurre ikusten da.

  Publizitaterik gabeko prozedura negoziatu bidez EGARALUR-i esleitu berri zaizkion lanak, berehalakoan, bihar bertan hasiko direla jakinarazi digute eraikuntza enpresan bertan. Izan ere, lanak lehenbailehen hasi eta bukatu behar baitira, obren kontrataziorako deialdian, obrak, bi hilabeteko epean egin eta beti ere, abenduaren 31rako amaitzeko baldintza jarri baitzen.

  Kalegoienako jolas gunea estali eta inguruak birmoldatzeko lanak bi fasetan egingo dira eta bihar, lehen faseari dagozkionak hasiko dira.

  Lurpeko aparkalekuaren ertzean espazio berde bat sortuko da, jolas-gune berriaren inguruan jesarlekuak jarriko dira eta egungo ume-jokoak berrantolatuko dira, batzuk lekuz aldatuz. Kautxu zoladurazko zona berria egingo da eta ingurua, ehun estalki batez estaliko da. Horretarako noski, beharrezko zimendatze elementuak jarri beharko dira. Estalitako espazioa argituko da eta plazako argiteria sarearen zati bat ere egokituko da.

  Kalegoienako jolas gune berriak izango duen ezaugarri nagusia, jarriko den estalkia da.  Euritik eta eguzkitik babesten duen erresistentzia handiko poliesterreko oihala izango da, kolorez, zuria eta PVC-ez estalia bi aldeetatik. Erdigunean, 9 metroko altuera hartuko du eta perimetroan, kasik 2 metro eta erdi eta 4 metro artean.

  Lanak egiten diren bitartean Kalegoienako jolas gunea itxita izango da baina urte berrirako, estalki eta guzti erabiltzeko moduan izango da.

  Lanak, hasieran aurre ikusitakoa baino merkeago egingo dira, EGARALURen eskaintzak kasik 35 mila eurotan hobetu baitu udalak finkatutako gehienezko prezioa. Esleipena egiterakoan onartu den  aurrekontua, 123 mila euro gehi BEZa da.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!