Bihar hasiko dira aldi baterako liburutegi laguntzailea aukeratzeko elkarrizketak egiten.

2012/04/16
18 hautagai daude eta guztiekin banakako elkarrizketak egingo dira bihar eta etzi artean.

   Egun bakoitzerako 9na hautagai deitu ditu epai mahaiak. Elkarrizketetan, hautagaien prestakuntza eta lan eskarmentua baloratuko da eta lanpostuarekin zer ikusia duten galdera teoriko praktikoak tartekatuko dira.
Elkarrizketa probak kultur etxean egingo dira bihar eta etzi. Bi egunetan, lehen elkarrizketa goizeko 9etan hasiko da eta ordu erdiko saioak osatuz, azkena, ordu bata eta erdietan amaituko da.

  Horien ondoren eta beste proba osagarririk egitea erabakitzen ez bada behintzat, epai mahaiak, liburutegiko langile baten gaixotasun baja aldi baterako beteko duen hautagaia proposatuko dio udalari.

  Liburutegiko laguntzaile lanpostua aldi baterako betetzeko lan eskaintzara, guztira, 224 lagun aurkeztu ziren. Lanbide enplegu zerbitzuan jaso ziren kurrikulumetatik dozena bat gutxi gora behera, oñatiarrenak ziren.
Epai mahaiak, aurrez zehaztutako baldintzetara egokitzen ziren hautagaiak berezitu zituen eta bihar eta etzi artean egingo diren elkarrizketa probarako 18 lagun aukeratu zituen. Hautagai horien nortasun agiri zenbakia eta bakoitzari jarri zaion elkarrizketa egun eta ordua zehaztuz osatu den taulatxoa, udaleko web orrian ikusgai dago: "Lan eskaintza publikoa" atarian.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!