Bihar hasiko da anbulatorio inguruko irisgarritasun lanen bigarren fasea.
Pasa den astean aurreratu zen bezala, kiroldegia eta osasun etxearen aurrealdeko errepidea guztiz itxiko da bihar. Bidebarrietako errotondatik anbulatorio ondoan dagoen errotonda bitartean ezin izango da autoz ibili. Bidea oinezkoentzat zabalik izango da baina trafikorako itxita. Hori adierazten duten kartelak aipatu bi errotonda pareetan ez ezik, Bidebarrieta kalean, Errementari plaza inguruan ere jarriko dira, autoek kiroldegi aldera egin gabe bertatik Arantzazuko ama kalerantz eta saihesbiderantz zuzenean irten daitezen.
Bihartik aurrera, orain arte anbulatorio aurrealdera mugatu diren lanak kiroldegia eta ikastola arteko errepidera zabalduko dira. Aparkalekuak berrantolatuko dira eta elbarrituentzat beste plaza bat egokituko da. Ikastolako autobusak egun ikastetxe aurrealdean duen aparkalekua ere lekuz aldatuko da. Era berean, anbulatorio aurrealdean errepidearen kota igo eta kiroldegi berriaren aurrealdean dagoen plataforma mailaren pare jartzeko lanak amaituko dira.
Oraindik beste bi hilabetez luzatuko diren lan hauen baitan, udaltzaingoaren egoitzarako sarreran arrapala egokituko da eta Bake epaitegirako sarbide zuzena egingo da.
Bihartik aurrera, beraz, eta bi hilabeteko epean, kiroldegi aurrealdeko bidea trafikorako guztiz itxita izango da azoka ondoko errotonda parean. Ikastolako autobusak, errotondan bertan hartu eta utziko ditu haurrak.
Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!