Bihar amaitzen da Txanda dendarien elkarteak antolatutako pisu eta prezio zehatza lehiaketetarako txartelak aurkezteko epea.
Iaz egin zen prezio zehatza lehiaketaren arrakasta ikusita, TXANDAk ekimena errepikatzea erabaki zuen, baina aldi berean, pisu zehatza asmatzeko bigarren otzara bat prestatuz.
Abendu osoan zehar TXANDA elkarteko dendetan erosketak egin dituztenei parte hartzeko txartelak banatu zaizkie. Erosleak berak aukeratu ahal izan du prezio edo pisu zehatza emateko lehiaketan parte hartu. Baina bi kasuetan, hartarako prestatu diren otzaren prezio edo pisu zehatza asmatzea da helburua, edo asmatu ezean, ahalik eta gehien hurbiltzea beti ere pasatu gabe.
Asko izan dira aste hauetan Atzeko kaleko 28an ikusgai dauden bi opari sortak ikustera hurbildu eta kalkuluak egiten aritu diren herritarrak. Gehienek, dagoeneko beren txartelak beteta TXANDAko dendetan jarri diren buzoietan utzi dituzte. Baina oraindik entregatu ez dutenei gogorarazi behar diegu bihar amaitzen dela, txartelak behar bezala beteta uzteko epea.
Gero, dendetan jasotako papertxo guztiak begiratuko dira pisu eta prezio zehatzera gehien hurbiltzen direnak bereizteko. Aurrez dena den, TXANDA elkarteko kideek kontuak atera beharko dituzte. Hau da, elikagai eta edariz osatutako otzara pisatu beharko dute eta bigarren otzararen osagaien prezioak hartu eta batuketa egin. Antolatzaileek ere ez baitakite bi sarien pisu eta prezioa.
Irabazleen izenak, datorren ostiralean, hilaren 11an jakinaraziko dira. Saria, otzarak eurak izango dira.
Kanpaina honen helburua bezeroak Oñatin erostera animatzea izan da eta beren fideltasuna eskertzea, herriko dendetan topatu daitezkeen produktuak ikusgai jartzearekin batera.
Baina kexa ere badu TXANDA elkarteak. Aldian-aldian egiten dituzten promozio eta lehiaketen berri emateko kalean jartzen dituzten atril edo kartel-euskarrietako bat desagertu egin baita. Norbaitek hartu eta eraman du. Halakoak, herritarrenganako zerbitzua hobetzeko bitartekoak direla eta, zergatik kendu den ez dute ulertzen TXANDA elkartekoek. Eraman duenari itzultzea eskatu eta eskertuko liokete.
Iturria: Oñati irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!