Bihar amaitzen da botoa posta bidez eman ahal izateko eskaera egiteko epea
Abenduaren 20an dagokien hauteskunde mahaitara joaterik ez dutenek botoa postaz, korreoz emateko aukera dute. Horretarako eskaera, edozein posta bulegotan egin liteke. Oñatiko bulegoan, ohikoak baino eskaera gutxiago tramitatu ei dituzte orain arte. Kopuru zehatzik ezin dute eman baina normalean, 140-150 eskaera inguru izaten dituzte eta oraingoz, gutxiago jaso dituztela adierazi digute. Baina eskaera orri mordoxka bat banatu dituztela esan digute, beraz, oraindik, eskaera gehiago jasotzea espero dute. Bihar bertan amaitzen da eskaerak egiteko epea.
Interesa duenak nortasun agiriarekin, karnetarekin joan behar du. EAJ eta EH Bildu ere ari dira tramitazio horretan laguntzen. Jeltzaleak Batzokian egoten dira11.30tatik 12.30etara eta 18.00tatik 19.00tara eta EH Bildukoak, Bidebarrieta kaleko erabilera anitzeko gelan, 11.00etatik 13.00era eta 18..00tatik 20.00etara. Bihar ere, goizez egongo dira.
Baina posta bidezko botoaren tramitazioan ez da amaitzen postarien lana. Eskaera egin ondoren Hauteskunde Juntak igortzen duen dokumentazio guztia, eskura eraman behar izaten baitiote eskatzaileari. Dokumentazio horretan, hauteskundeetara aurkezten diren alderdi eta aukera guztien papeletak, eta botoa postaz nola eman behar denaz azalpenak jasotzen dira. Dagoeneko, dokumentazio sobreak ere ari dira Oñatira iristen. Hauteskundeekin erlazionatuta, postarien hurrengo lana, gordelariarena izango da. Postaz iristen diren boto guzti horiek hauteskunde egunera arte gordeko baitituzte. Abenduaren 20an, hauteskunde kolegioak irekita, mahaiz mahai joango dira bakoitzean erroldatuta dauden hautesleen boto horiek banatzen. Gogoratu dena den, botoa postaz, korreoz eman ahal izateko eskaera epea bihar bukatuko dela. Oñatiko posta bulegoa, 14.30etan itxi bitartean tramitea betetzeko aukera izango da bertan.
Posta bulegoko langileen eta postarien lana aipatu dugunez, esan bestalde, hauteskunde garaia lan extra garaia izaten dela eurentzat eta ez soilik, aipatu bezala, posta bidezko botoen tramitazioagatik. Hauteskunde propaganda nagusiki postaz bideratzen baita. Batzuk, pertsonalizatuta, hartzailearen izen abizen eta helbidez iristen dira eta beste asko berriz, izenik gabe. Baina guztien banaketaz herriko postariak arduratzen dira.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!