Bihar 10:00tan hasiko dira Garibaiko biribilgune berria asfaltatzen, ostiralera bitartean
Gaur goizean elkartu dira GI-2630 errepidean, Garibai auzoan, biribilgune berria eraikitzen ari den enpresako arduradunak, asfaltatze lanen azken plangintza zehaztu eta lanak gauez egiteko udalaren eskaera aztertzeko, besteak beste.
Udalaren eskaera ez da onartu eta lanak egunez egingo dira. Langileen arrisku prebentzio aldetik ere ez zegoen lana gauez egitea aurreikusita, eta tenperatura aldetik ere, ez da bideragarria ikusten. Beraz, bihar, goizeko 10:00tan hasi eta ostiralean guztiz amaitu arte egingo dira biribilgune berriko asfaltatze lanak, beti ere, egun argitan. Trafikoa errei bakarretik eta semaforoz bideratuko da baina, tarteka, langileak jarriko dira ibilgailuen joan-etorria arintzeko. Ordu puntetan asfaltatze lanak eten eta trafikoa bi norabideetan irekitzeko ahalegina ere egingo da.
Inguruko auzo-bideak ez erabiltzeko eskaera berriro egin du udaltzain-buruak. Auto-ilarak saiheste aldera Santxolopeztegi, Torreauzo edo Garagartzako auzo-bideetatik joaten dira hainbat gidari arazoak sortuz, bide estuak direlako eta oinezko ugari paseoan ibiltzen delako, besteak beste. Udaltzainen zaintza areagotuko da auzo-bideak erabili ez daitezen.
Udanarako bidea berriz, ez da berehalakoan irekiko. Errepideak itxita asteak emango dituela jakinarazi diote alkateari Foru Aldunditik. Errepidean sortu den zartadurak arazo sakona utzi du agerian eta konponketa lan formala egin beharko da. Dagokion proiektua osatu beharko da eta lanak esleitzeko prozedura ere bete beharko da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!