Bigarren aldiz atera dira lizitaziora Lezesarriko oinezkoen bidea egokitzeko lanak

2022/06/16
Card image cap
Aurrekontua jaso da, inflazioa eta lehengaien presioek izan duten gorakada kontuan hartuta

  Horixe izan baitzen lehenengo lizitazio prozesura enpresarik ez aurkeztearen arrazoia, lanen lizitazio prezioa 2021eko uztailean zehaztutako aurrekontuaren arabera finkatu zen eta ordutik, eraikuntza arloko lehengaien prezioak garestitu dira eta inflazio-maila handiagotu da, orokorrean. Udal arduradunek lizitazio prezioa eguneratu dute eta 74.000 eurotan jaso dute, 317.714,79 eurotan finkatuz. Baina hori gehienezko prezioa da eta jasoko diren proposamenek merkatzea espero da. Saritu ere egingo da, lizitaziorako irizpide nagusia eskaintza ekonomikoa izango baita eta 100 puntutik 75 eskuratzeko bidea emango die enpresei; egikaritza prozesuaren memoria eta lan programak 15 puntu emango ditu eta erabiltzaileen inpaktua minimizatzeko neurrien memoriak beste 10 puntu.

  Lanak esleitzeko bigarren prozedura honetan lizitazio aurrekontua jaso da baina epea bere horretan mantendu da eta Lezesarri auzorako oinezkoen bidea egokitzeko lanak hiru hilabetetan egin beharko dira. Proposamenak aurkezteko epea uztailaren 12an amaitzen da.

  Lanak SESTRA ingeniaritza enpresak osatu zuen proiektuaren arabera egin beharko dira. Laburrean, oinezkoentzako ibilbidea Urrintxo jatetxearen aparkaleku sarreratik futbol zelaira sartzeko espaloira bitartean egingo da. Azkoagainetik Lezesarriko ermitarako sarbide parerainokoa, jaisteko erraiaren segidan egokituko da. Ermitarako sarbide parean, galtzada gurutzatzeko pasabidea egokituko da eta hortik gora, Urrintxoko aparkaleku parerainoko tartean, eskumako erraiaren segidan eratuko da oinezkoentzako ibilbidea.

  Hasieran galtzadaren ezkerraldetik eta ondoren eskumaldetik prestatuko den oinezko bideak 2 metroko zabalera hartuko du. Hainbat metrotan errepidearen plataforma zabaldu egingo da oinezkoentzako bideari leku egiteko, baina pare horretan igo edo jaisteko erreiak metro erdi estutuko dira. Errepidea gurutzatzeko tokian zirkulazioa lasaitzeko eremua ezarriko da eta erdiko irlatxo bat tartekatuko da. Bestela, galtzada zeharkatzeko leku honetatik Urrintxorainoko oinezkoen bidea babesteko baliza bertikalak tartekatuko dira. Lanen osagarri gisa, drainatze lanak eta bidea seinaleztatzeko lanak egingo dira eta argiteria ezartzeko obra zibila ere bai.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!