Bidebarrieta kalea itxi egingo da bihar, kiroldegiko lanetan erabili den garabia kentzeko

2021/05/12
Card image cap
bihar desmuntatuko den garabia
7:00tatik 18:00ak arte itxita egongo da Zurrust taberna eta azoka aldameneko errotonda bitarteko errepide zatia

  Garabiaren desmuntatze eta garraio lanak segurtasunez egin ahal izateko, eta arinago ere bai, Bidebarrieta kalea trafikorako itxiko da azoka ondoko errotondatik Zurrust taberna bitartean. Trafiko mozketa hori bihar 7:00tatik  18:00ak arte izango da. Hori da baimendu dena, baina lanak aurreratuz gero, errepidea lehenago irekiko da.

  Zubikoa kiroldegia berritzeko lanak amaitzear daude eta erabili diren azpiegitura eta materiala erretiratzen ari dira jada. Estruktura berria jasotzeko erabili den bigarren garabia bihar kendu eta eramango da.

  Beste horrenbeste egingo da datorren astelehenean Ultzegin kalean. Ultzegin kalea 1 zenbakidun eraikina jasotzeko erabili den garabia maiatzaren 17an erretiratuko da. Ondorioz, kalea itxi egingo da Motxon kaletik Zubibarri kalera bitartean, goizean eta arratsaldeko 18:00ak arte. Tarte horretan dauden aparkalekuak libre utzi beharko dira eta garraioan dabiltzan kamioiak Arantzazuko Ama kaletik sartu eta irtengo dira lan-eremura. Errementari plazan, Bellotza denda paretik behera ere ezingo da jaitsi, behealdean kalea itxita egongo delako.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!