Oñatiko udala

Bidebarrieta inguruko bi auzo-konposta guneetako konpostagailuak aldatuko dira datozen asteotan

2020/02/07
Card image cap
Ugarkalde eta San Lorentzon 2017an hasitako berrantolaketa prozesua osatuko da

  Urteak dira jada hondakin organikoak konposta bihurtzeko auzo-konposta guneak eratu zirela. Horiek berrantolatu eta hobetuz joan dira azken urteotan, konpostagailu handiagoak jarri eta taldeak berregituratuz. Hasieran jarri ziren 700 litroko ontzien ordez 1.000 litrokoak jarri dira. Konpostagailu berriak handiagoak ez ezik, sendoagoak, gogorragoak ere badira. Horrek hondakin organikoen konpostatze prozesua hobetu du, tenperatura handiagoa hartzen baitu. Garbiagoak dira, duten materialagatik arratoiek ezin dutelako sartu, eta higienikoagoak ere bai, hartzen duten tenperatura altuan bakteriak ez direlako sortzen edo lehenago hiltzen direlako. Konpostagailu handiagoak jartzean, gutxiago jarri dira eta bertan konposta egiten duten taldeak berrantolatu dira.

  Aldaketa prozesu hau Ugarkalde eta San Lorentzon hasi zen 2017an, eta urtez urtez, beste auzo-konposta guneetan gauzatuz joan da. Azkenak, Bidebarrieta inguruan dauden biak izango dira, Bidebarrieta-Ramon Irizar eta Bidebarrieta-Auzabarri izenekoak. Horietan ere, kospostagailu handiak jarriko dira eta lehendik zeuden taldeak berrantolatuko dira. Bide batez, materia egituratzailea gordetzeko kutxa txikiagoak jarriko dira, irisgarriagoak. Orain arte zeudenak handiak dira eta bereziki material gutxi dagoenean material hori hartzeko zailtasunak sortzen dituzte. 4 kaxa txiki eskatu dira, Bidebarrietako auzo-konpost  guneetan jartzeko.

  Azken aldaketa hauek otsaila amaiera martxo hasieran egitea aurreikusten da. Hala jakinarazi diete bertako erabiltzaileei. Aldaketa egiten den bitartean hondakin organikoa, kuboan, esekitokietara atera ahal izango dutela adierazi zaie. Ondoren, aldaketa bakarra, taldeak bateratu eta berrantolatu direla izango da. Konpostatzeko jarduera utzita dutenei edo jarraitzeko asmorik ez dutenei, udalari jakinaraztea ere eskatzen zaie bidalitako gutunetan.

  7 urte beteko dira laster Oñatin auzo-konporta guneak martxan jarri zirela. Herritarren %25ek konpostatzen du eta Oñatiko birziklapen maila % 80 inguru izan zen iaz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!