Bi udal arautegi abiatu aurretik Kontsulta Publikoa egitea proposatuko da gaurko Osoko Bilkuran
Arautegi berri bat abiatu aurretik herritarrei arrazoiak azaldu eta iritzia emateko aukera eskaintzen duen Kontsulta Publikoa egitea berria da Oñatiko udalean. Araudia aldatu da eta bete beharreko urratsa izango da aurrerantzean. Orain arte, arautegi bat behin behineko izaeraz onartu ondoren zabaltzen zen alegazioetarako epea eta herritarrek iritzia emateko aukera. Aurrerantzean, iradokizun eta alegazioetarako tarte hori izango da baina Kontsulta Publikorako tartea ere bai, prozeduraren lehen urrats gisa.
Kontsulta Publikoan udalak arautu asmo duen gaiaren berri eman ez ezik, zergatiak eta helburuak jakinaraziko ditu eta herritarrek 15 lan eguneko epea izango dute horren inguruko iritzia emateko. Ondoren, arautegia zehaztuta behin behineko izaeraz onartu, alegazioetarako epea ireki eta behin betiko izaeraz onartzeko tramiteak beteko dira. Ostalaritza jardueretan arituko diren establezimenduak jartzea eta etxez etxeko laguntza zerbitzua arautuko duten udal ordenantzen Kontsulta Publikoak bideratuko dira gaurko Osoko bilkuran. Etxeko laguntza zerbitzuaren esleipenerako Kontratazio Mahaiak egindako proposamena ere aztertuko da.
Udalaren jabetzakoak diren lau etxebizitza ALOKABIDEren bitartez alokatzeko hitzarmena ere aztertuko da gaurko bilkuran. Hitzarmena Udala eta Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde PLangintza eta Etxebizitza Sailaren artekoa izango da eta Zubillaga auzoko 38an eta Olabarrieta 28an udalak dituen lau etxebizitza alokatzeko izango da. Ekainaren 28a sexu askatasunaren eta LGTBI+ kolektiboen aldarrikapen eguna da. Horren haritik, udalbatza osatzen duten bi taldeek adostutako adierazpen instituzionala onartuko da Osoko Bilkuran.
Lan zerrendan 11 gai jaso dira eta beste 7 Alkate Dekreturen berri emango da
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!