Bi sari eskutan itzuli da Hots abesbatza Ejea de los Caballeroseko lehiaketatik

2022/04/25
Card image cap
Hirugarren saria eta publikoaren saria irabazi dute

  Lehen lehiaketa izan da Hots abesbatzarentzat asteburuan Ejea de los Caballerosen jokatu dena eta bi sari lortuta itzuli dira: nagusien abesbatzen kategorian hirugarren saria eta entzuleek eman ohi duten saria.

  Pozik, oso pozik, bueltatu da Aitor Biain Bidarte zuzendaria Zaragoza aldetik eta taldeak egin duen lan ona txalotu du, ez bakarrik atzoko kantaldiagatik, baizik eta aurrez, lehiaketa prestatzeko egindako lan adoretsuagatik ere. Kontu egin behar da, Hots abesbatza 2016ko urte amaieran sortu zela baina bi urteko jarduera etenari aurre egin behar izan diola, pandemiak hala eraginda, beste hainbat talderen antzera. Taldeak hilean behin egiten ditu entseguak eta horrek, bakarkako lan handia eskatzen die partaideei.Hots abesbatza 40 emakume ahotsez osatutako taldea da.

  Ejea de los Caballeroseko lehiaketan partaideak bi kategoriatan banatzen dira: haur eta gaztetxoen abesbatzak eta nagusien abesbatzak, talde mistoak edo ahots bakarrekoak nahasian. Horrek zailtasunak eragin diezaieke Hots abesbatza moduko taldeei, ahots erregistro mugatuagoa dutelako. Baina zailtasunak zailtasun, egoki aritu ziren eta bi sarirekin itzuli dira estreinakoa izan duten lehiaketatik. Garaikur bana eta 2.000 euroko sari ekonomikoa ekarri dute Zaragoza aldetik.

  Oñatiarrek lau obra abestu zituzten, hiru a capella eta beste bat Amaia Zipitria piano-jolearen laguntzaz. Parte hartu zuten 12 taldeak oso maila onean aritu ziren eta guztiek lortu zuten saritzeko moduko puntuazioa, epaimahaikoen esanetan, baina kategoria bakoitzeko hiruna sari eta beste bi sari berezi banatu ziren, horietatik bi Oñatira ekarri dituelarik Hots abesbatzak. 

  Ejea de los Caballerosekoa estreinako lehiaketa izan da Hots abesbatzarentzat, esan bezala, baina berehala izango du segida, ekaina-uztaila inguruan Miranda de Ebroko lehiaketan parte hartzeko asmoa ere badutelako.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!