Bi proiektuk partekatuko dute aurten ere Oñatiko Udala Grant beka

2018/03/27
Card image cap
Oñatiko gazteria eta gatazka armatua eta herriko emakume jubilatuen ekarpena arlo ezberdinetan aztergai izango dira

  4000 €ko dotazioa du Oñatiko Udala Grant bekak eta aurten, iaz bezala, bi egitasmoen artean partekatzea erabaki du Udaleko eta Lege Soziologia  Institutuko zuzendaritzako ordezkariek osatzen duten batzordeak. Saritu diren ikerlanetan herriko bi gizatalde izango dituzte ikusmiran, gazteak batetik eta 65 urteko emakumeak bestetik.

  Samara Velte donostiarrak Oñatiko gazteria gatazka armatuaren aurrean; gatazka ondorengo lehen belaunaldiaren diskurtsoa izeneko ikerketa proposatu du. Leopoldo Cruz Balbuena mexikarrak berriz, 65 urteko emakumeak: jubilatutako Oñatiko emakumeei eta hauek herriko identitateari, kulturari, gizarteari eta ekonomiari egin dieten ekarpenari buruzko ikerketa izeneko lana egin asmo du. Bi proposamen hauek aurkeztu dira Oñatiko Udala 2018ko Grant beka eskuratzeko eta epai mahaiak, bakoitzari 2000 €ko laguntza bideratzea erabaki du. Bi bekadunek iraila amaierara arteko epea dute aurkeztutako proiektua gauzatu eta kopia bana udalari helarazteko.

  Samara Velte ikus-entzunezko komunikazioan graduatua da eta une honetan, Gizarte, politika eta kultura doktorego programa egiten ari da Euskal Herriko Unibertsitatean. Leopoldo Cruz Balbuena Lege Soziologia Institutuko Master ikastaroa egina dauka eta egun, globalizazio gaiaren inguruko doktoregoa egiten ari da.

  Oñatiko Udala Grant beka Udalak eta Lege Soziologia Institutuak 2016ko udan sinatu zuten elkarlanerako hitzarmenaren babesean sortu zen. Urtero kaleratuko da eta Oñatiko herriari ekarpena egiten dioten proiektuak finantzatzea du helburu. Iaz hirigintza eta etxebizitzen merkatua Oñatin eta Pakistango inmigrazioa, hiritartasuna eta kultura aztertu ziren.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!