Oñatiko udala

Bi plaza gehiago izango ditu Eguneko zentroak

2017/10/18
Card image cap
Foru Aldundiarekin hitzartu denaren arabera, 30 plaza izango ditu azarotik aurrera

  Eguneko zentroak 30 plaza izateko baimena emana zeukan aspalditik Aldundiak. Baina baimena hala izanik ere, hitzartutakoak gutxiago izan dira urteetan. 2015eko ekaina amaieran, esaterako, diputazioak hitzartutakoak 25 plaza ziren bakarrik. Urtebete beranduago hiru plaza hitzartzea lortu zen eta azken tramiteen ostean beste bi hitzartu berri dira. Azarotik aurrera Eguneko zentroak 30 plaza izango ditu.

  Jendea zain dago. Eguneko zentrora joan ahal izateko itxaron zerrendan, bataz beste, 13 lagun daude, eta egon dira, urte osoan zehar. Hitzartzeko falta ziren bi plaza horien kostuari aurre egiteko arazorik ez dela izango jakinarazi dute udaleko gizarte zerbitzu departamentutik, Eguneko zentroko aurrekontuetan hartarako diru baliabideak baitaude. Eta abian den zerbitzua kudeatzeko esleipen pleguan zentroak 30 plaza izatea aurreikusita zegoen, beraz, alde horretatik ere pertsonal baliabideak bermatuta leudeke. Hori guztia kontuan hartuta onartu du udalak bi plaza berri horiek hitzartzeko diputazioak egindako proposamena. Bi aldeak ados egonik, Eguneko zentroak bi plaza berri izango ditu azarotik aurrera, egungo 28ak 30 bihurtuz.

  Eguneko zentroari buruz ari garelarik esan bestalde, txakurrekin eta musikarekin gauzatzen diren estimulazio programei jarraipena ematea erabaki duela udalak. KideCan zerbitzuaren bitartez txakurrekin estimulazio ekintzak egiten dituzte hilean lautan. Okertze kognitibo larriena duten erabiltzaileak ei dira txakurren jardunari eta programari etekin gehien ateratzen diotenak. Onuradunen, langileen eta familien iritziak jasota, estimulazio egitasmo honekin jarraitzea erabaki da. Jose de Azpiazu musika eskolarekin lankidetzan bestalde, musikoterapia egitasmoa ere gauzatzen da. Musikaren bitartez emozioak eta motrizitatea lantzen dira, muga fisiko eta psikikoak arinduz. Musika programa hau ere onuragarria dela baloratu da, erabiltzaileentzat oso atsegina delarik. Horregatik, musika egitasmo honi ere jarraipena ematea erabaki du udalak. Estimulatze programa Eguneko zentroaren zaintza eta kudeaketa zerbitzu osoa esleitu bitartean mantenduko dira. Esleipen prozesua martxan da eta eskaintza ekonomikoen plikak bihar bertan irekiko dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!