Bi oñatiar hautagai dira EH Bilduren idazkaritza banatarako: Nerea Zubia eta Larraitz Ugarte

2017/06/14
Card image cap
Larunbatean egingo den eratze kongresuan parte hartzeko izen-ematea Oñatin bertan egin daiteke

  EH Bilduren eratze kongresuan hainbat agiri eta ordezkaritza hautatuko dira: mahai politikoko taldea, idazkaritzetako arduradunak, dokumentu politiko-organizatiboa eta estatutuak. Idazkaritza banatarako bi oñatiar aurkezten dira:  Nerea Zubia Parte-hartze eta Gobernantza atala kudeatzeko eta Larraitz Ugarte Lurralde Lankidetza atalaz arduratzeko.

  EH Bilduren eratze kongresuan parte hartu eta bozkatu ahal izateko, aurrez izena eman behar da. Bide elektronikoz egin daiteke www.kongresua.ehbildu.eus atarian sartuz edo zuzenean Oñatin, Arrano tabernan gaur, 18:30tatik 20:00tara. Bide honetatik izena eman nahi dutenek nortasun agiria aurkeztu beharko dute.

  Bilboko Euskalduna Jauregian egingo da EH Bilduren eratze kongresua larunbatean esan bezala. Oñatitik joan-etorria elkarrekin egiteko bidea antolatzen ari dira herriko arduradunak. Horregatik, nahi duenak, izena ematerakoan telefono zenbakia ere eman dezake bidaiarako hitzordua zehazteko.   

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!