Bi langabe gutxiago zenbatu dira Oñatin ekainean

2023/07/05
Card image cap
Jaitsiera txikia da baina aurreko bi hilabetetako joera irauli izana azpimarratzekoa da

  Ekaina amaieran 325 langabe zeuden Oñatin, maiatzean baino bi gutxiago, Enplegu Zerbitzuak zabaldu berri dituen datuen arabera. Aldea txikia da baina garrantzitsua, joera aldaketa baten lehen zantzua izan baitaiteke. Euskal Herriko joera orokorraren kontra langabezia handituz joan da Oñatin martxoaz geroztik. Enplegua sortzeko hilabeteak izan ohi dira udaberrikoak gurean, baina aurten ez da hala gertatu. Ekainean ordea, goranzko joera hori irauli da.

  Langabeziak emakumeen artean egin du behera Oñatin, azken hilabetean, eta adinari erreparatuta berriz, 45 urtetik gorakoen artean, nagusiki, adin tarte horretan dauden 10 oñatiar gutxiago erregistratu baitira azken hilabetean. Udako kontratuei egotzi diote adituek langabeen kopurua gutxitu izana. Baina uda ez ezik udazkena ere, aldi baterako kontratazio garaia izan ohi da Oñatin, ikusi egin beharko dugu beraz, ekainean erregistratu den joerari eusten zaion eta langabeziak jaisten jarraitzen ote duen datozen hilabeteetan gurean.

  Orain urtebeteko datuekin alderatuta, egungo egoera okerragoa da, 8 langabe gehiago daudelako herrian. Iazko ekainean % 6aren azpitik kokatu zen langabezia tasa gurean, urtean lehenengo aldiz. Azaroan egoera errepikatu egin zen. Aurten berriz, martxoan eta apirilean izan genuen %6aren azpiko tasa eta une honetan, justu, maila horretan dago, % 6an kokatu da Oñatiko langabezia tasa.

  Debagoienean, orokorrean, maiatzean baino langabe gehiago zenbatu dira. Oñatin eta Arrasaten langabe gutxiago daude baina Antzuolan, Aretxabaletan, Bergaran eta Eskoriatzan aurreko hilabetean baino lagun gehiago erregistratu dira. Hego Euskal Herri mailan aldiz, 2.643 langabe gutxiago daude eta tasa, % 10eko langatik jaitsi da, %9,93an kokatuz, ekainean. Txanponaren bestaldean, ordea, kotizatzaileen kopurua dago, Gizarte Segurantzak 603 kotizatzaile galdu dituelako Hego Euskal Herrian.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!