Bi lagunen eskaerak bakarrik jaso dira Uda kanpainan kirol begirale izateko.

2013/05/16
Bihar amaitzen da hartarako izen emate epea. Uda kanpainari buruzko informazioa bestalde, gaur-bihar banatuko da ikastetxeetan.

  Udalak, ekainaren 24tik uztailaren 19ra luzatuko den uda kanpainako eskaintzari erantzun ahal izateko, aldi baterako, kirol monitoreak kontratatuko ditu. Zenbat begirale kontratatuko diren zehazterik ez dago oraindik, parte hartzeko izena ematea, maiatzeko azken astean egingo baita. Baina horretara itxaron gabe kirol begirale izateko oinarriak onartu eta izen ematea ireki zen. Izen emate hori amaitzear dago. Bihar eguerdiko ordu bietan bukatuko da eta oraingoz, bi lagunen eskaerak soilik jaso dira udal bulegoetan.

  Udalak aldi baterako beteko dituen kirol begirale lanpostu hauetara aurkeztu ahal izateko, 18 urte beteta izatea, kirolarekin erlazionatutako formakuntza akademikoa izatea eta euskaraz ondo berba egitea eskatzen da. Eskalada, mendiko bizikleta eta esku-pilotako begirale izateko gainera, halako lanetan esperientzia izatea eskatzen da.

  Udalak bere aldetik, uda kanpainak iraungo duen lau asteetan zehar lan kontratua eskaintzen die, hau da, ekainaren 24tik uztailaren 19ra arteko kontratua egingo die.

  Uda kanpainan kirol begirale gisa lan egiteko interesa dutenek, eskaera udal bulegoetan aurkeztu behar dute. Eskaera orriarekin batera nortasun agiriaren kopia, eskatzen diren tituluen fotokopia, eskaeran aipatzen diren meritu guztien egiaztagiriak eta izatekotan, euskara menperatze mailari dagokion titulazioa aurkeztu behar dira. Eskaera orrian, hautagaiak, duen ordutegi eta egutegi disponibilitatea ere zehaztu beharko dira, kontratua egiterakoan hori kontutan hartuko baita. Bihar amaitzen da kirol begirale aritu ahal izateko eskaerak aurkezteko epea.

  Eta datorren astean jada, uda kanpainan parte hartu nahi duten kirolzaleentzat izen emate prozesua hasiko da. Behin betiko izen ematea maiatzaren 27an irekiko bada ere, izen emate horretarako ordena zozketaz erabakiko da berriro. Zozketa, hilaren 23an egingo da eta bertan parte hartzeko aurre inskripzioa, datorren astelehenetik asteazkenera egin beharko da, maiatzaren 20-21 edota 22an. Baina guzti honi buruzko xehetasunak, gaur-bihar ikastetxeetan banatuko diren informazio orrietan jaso da.

Iturria: Oñati irratia



Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!